Naiz.info
Baiona

Ipar Euskal Herriko hautetsi berriak Udalbiltzarekin bat egiten hasi dira

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat udalerritako auzapez eta hautesiek prentsaurrekoa eman dute gaur Baionan, eta Udalbiltzako kide egin direla adierazi dute. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak zoriondu ditu karguak hartu dituzten hautetsi guztiak, eta adierazi du asmoa dutela udalerrietan lankidetzarako esparru berriak sortzeko.

Hautetsiak eta Udalbiltzako lehendakaria, gaur Baionan. (Naiz.info)
Hautetsiak eta Udalbiltzako lehendakaria, gaur Baionan. (Naiz.info)

Udal hauteskundeen emaitzak aski onak izan dira Euskal Herriaren izatea onartzen duten indar politikoentzat, eta iparraldean Udalbiltzak duen presentzia indartu egingo du horrek. Orain arte, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 62 hautetsik parte hartzen zuten erakunde nazionalean, horietatik 12 auzapezak. «Kopuru hori nabarmen handiagoa izango da, dudarik gabe», adierazi dute gaur Baionan.

Auzapezen artean, Ruben Gomez (Liginaga) eta Maite Etcheverria (Ozaze) egon dira prentsaurrekoan. Eta hauek dira parte hartu duten hautesiak: Eneko Aldana-Douat (Ziburu), Filipe Aramendi (Urruña), Argitxu Hiriart-Urruty (Kanbo), Iker Elizalde (Hendaia), Nathalie Aicaguerre (Kanbo) eta Nikolas Blain (Makea).

Prentsaurrekoan parte hartu ez baina atxikimendua eman duten auzapezak hauek dira: Monique Elgoyhen (Lexantzü) Daniel Oltzomendi (Izura-Azme), Bruno Carrère (Uztaritze), Léonie Agergarai (Muskildi), Johane Etxemendi (Hiruri) eta Jean-Marc Bengotchea (Larraine). Eta hautesiei dagokionez, Pascal Lafitte (Donibane Lohizune) eta Xabi Larre (Donibane Garazi).

Guztien izenean Argitxu Hiriart-Urrutyk, Ruben Gomezek eta Nikolas Blainek hartu dute hitza: «Udal hautetsiok gure kargua onartu ondoren, harremanak ezarri eta sakontzeko dinamika bati helduko diogu, erakunde honetan ahalik eta partaide gehien sartzea lortzeko. Prozesu hori burutzeko, datozen hilabeteetan mugaren bi aldeetako hautetsiei dei egingo diegu, Udalbiltzak Ipar Euskal Herrian egingo duen batzar nazionalera».