NAIZ.INFO
KATMANDU

Sherpek oraindik ez dutela behin betiko erabakirik hartu diote Nepaleko alpinistek

Pasa den ostiralean Everesten izan zen ezbeharrak, 16 hildako eragin zituen elur-jausiak, zalantzan jarri ditu urte osoko espedizioak. Sherpek biktimen familientzat babes handiagoa eskatzen dute eta urte osoko igoerak bertan behera utziko dituztela iragarri zuten asteartean, atzo oraingoz neurri horretako erabakirik ez dutela hartu esan zuten Nepaleko alpinisten elkartetik.

13 dira oraingoz aurkitutako hilotzak, beste hiru sherpa desagertu egin dira. Horietako baten, Tenzing Chottar Sherparen, senideak atzo. (PRAKASH MATHEMA / AFP)
13 dira oraingoz aurkitutako hilotzak, beste hiru sherpa desagertu egin dira. Horietako baten, Tenzing Chottar Sherparen, senideak atzo. (PRAKASH MATHEMA / AFP)

«Everesterako espedizioak bertan behera geratu direnaren inguruko baieztapenik ez dugu», esan du Nepaleko alpinisten elkarteak agiri baten bidez, hori dioten informazioak «faltsuak eta zentzugabeak» dira elkarte honen arabera. Asteartean Everesten bertan diren sherpek iragarri zioten AFP agentziari urte osoko igoerak bertan behera uztea erabaki zutela baina atzo lehenbizi Gobernuak eta gero alpinisten elkarteak ukatu egin dute modu horretako erabaki irmorik dagoenik.

Pasa den ostiralean izandako elur-jausiak 16 sherpen heriotza eragin zuen eta Everesten gida lanetan ibltzen direnek familiek duten babes eskasa eta euren aseguruen egoera salatu zituzten. Nepaleko Gobernuari eremu horretan hobekuntzak emateko deialdia egin zioten. Hala ere, eta babes gabezi horrez gain, ostiraleko ezbeharraren ostean ezin dituztela igoerak berrabiarazi adierazi zuten: «gure urteko lehen igoeran hamasei pertsona hil dira, nola ekingo diogu bada berriz igoerari?», adierazi zuten.

Astearte gauean sherpen baldintzak hobetzeko proposamena aurkeztu zuen Gobernuak, baina ez zituen ase sherpen eskakizunak. Exekutiboak Everestera ordezkaritza igorri zuen atzo egoera aztertu eta irtenbide bat aurkitu asmoz. Everesterako espedizioek garrantzia ekonomiko handia dute Nepaleko Gobernuarentzat eta egoerak eraginda espedizio batzuk, jada, bertan behera utzi dituzte.