Jon Garmendia
Idazlea

Malkoei begira

Malkoari begiratzen zion haurrak, bere begietatik nola irten zen ulertu gabe. Ezkerreko begitik atera ote zen, edo eskuinekotik, zalantza ukan zuen hasieran, baina duda efimero horri erantzunik eman gabe, tanta heze distiratsu hura berea zela jakin zuen. Ez zekien zergatia baina nabaritu zuen irteten ari zela, masailak alderik alde zeharkatu zizkiola, eta jolas mahaiaren gainean pausatu zenean, haurrak, atentzioa osoki eskaini zion. Baina begirada altxatu orduko memento haren mistikak alde egin zion, jendea begira zeukala ohartu zuen, malkoak berea izateari utzi zion. Ur tanta gazi hari buruz besteek hitz egingo zuten nahinoiz. Nerabea izan zen negarrari ekin ziona behinola. Mela-mela zeuzkan masailak. Bat. Ikaskideek ez zutela errespetatzen. Bi. Maiteminduta zeukan neskak ezezkoa eman ziola. Hiru. Erakusleihotik ametsetako jantzia desagertu zela. Lau. Gasolinarik gabe errepide bazterrean utzitako scooter berriaren xerka joan behar zuela. Bost. Eta sei. Motiboak zeuzkan ehunka. Eta okerrena, nehori ez zitzaiola axola bere malkorik. Abenduko bigarren ostiralean negar zotinka aurkitu zuten 50 urteko emakumea supermerkatuko parkingean, eta jendetza hurbildu zen haren ingurura, batzuk morbo hutsagatik, beste batzuk zer gertatu zen jakiteko. Eta gertatu zena ez zekiena emakumea zen. Laguntzarik behar ote zuen, galdera hori entzuten zuen behin eta berriz. Eta nola erraten da lagundu? Batez ere zer behar duzun ez dakizunean. Azaltzeko baino ulertzeko konplexuagoak diren sentimenduen artean malkoek igerian dakitelako. Eta zahar etxeko bakardade partekatuan, urteko azken egunean, negarrik egiteko motiborik izango ote duen pentsatu du aitona zaharrak. Badu aspaldi bere begiak ez direla umel ageri. Zerbait sentitzen ote duen galdegin dio zentroko zuzendariak. Begiak bustitzen zitzaizkionean baietz, orduan sentitzen zuela. Hori erantzun dio.