Maider EIZMENDI

«Alarma gorria» piztu dute Ibon Iparragirreren egoeraren aurrean

Ibon Iparragirre presoa berriz ere Ondarroara itzul dadin kanpaina indartuko du berriz Iparra Galdu baik, Ibon Etxera plataformak. Izan ere, sei aste dira bere osasun egoera dela-eta zigorra etxean betetzen zuen presoa Basauriko kartzelara eraman zutela, eta denbora honetan bere egoerak okerrera egin du nabarmen. «Alarma gorria» piztu da, eta herritarren elkartasuna eta parte-hartzea eskatu dute.

«Indartsu eta etsipenik gabe». Hala aurkitu zuten atzoko bisitan senideek Ibon Iparragirre presoa, haren anaiak, Gotzon Iparragirrek, GARAri jakinarazi zionez. Hala eta guztiz ere, Iparra Galdu baik, Ibon Etxera plataformako kideek salatzen duten egoera berretsi baino ez dute egin. «Orokorrean, ondo ikusi dute, baina bisitaren amaieran asaldatzen eta apur bat burua galtzen hasi dela ohartu dira», adierazi du Gotzon Iparragirrek.

Senideek ikusi dutenak konfirmatu baino ez du egiten plataformako kideek ohartarazi dutena. Iparra Galdu baik, Ibon Etxera-ko kideak arduratuta agertu dira eta Ondarroako presoaren egoeraren aurrean «alarma gorria» piztu dute.

Erasoa espetxean

Komunikabideetara bidali duten oharrean jakinarazi dutenez, pasa den astelehenean «preso sozial batek kafesnea aurpegira bota eta ukabilkada bat eman zion ahoan» Iparragirreri. Kolpearen ondorioz, lurrera erori zen euskal presoa eta zauria egin zuen buruaren atzeko aldean. Erasoa jasan ostean, Iparragirre errespetuko moduluan sartu dute, eta une honetan ez du gainerako presoekin komunikaziorik.

Gisa honetako gertaerek jada kezkagarria den egoera areagotu baino ez dute egiten, plataformaren aburuz. Izan ere, berriz ere kartzelara sartu zutenetik sei aste igaro direnean, Iparragirreren osasun fisiko eta animikoa «gero eta okerragoa» da: «40 egun hauetan Ibonen osasunak jasan duen kaltea 2010-2011 bitartean kartzelan egon zenean urtebetean jasan zuenaren parekoa da». Nabarmendu dute, esaterako, espetxeratu aurretik «defentsak 400 baino gorago» zituela eta denbora honetan «200etik behera jaitsi» zaizkiola.

Ez da hori Ondarroako presoak pairatzen duen ondoez bakarra; burmuineko ezker lobuluan duen orbanak, «ikusmena mugatzeaz gain, disfuntzio kognitibo latzak eragiten dizkio, baita pentsamenduaren nahasmena eta jokabidearen alterazioa ere». Adibide gisa jarri dute plataformako kideek «asteroko zortzi telefono deien kontua eramateko zailtasunak» dituela; eta bi egunetan «telefono txartela bera aldenduta eduki» duela. Senide eta abokatuek Iparragirrerekin dituzten elkarrizketetan presoak tarteka errealitatearen nozioa galtzen duela nabaritu dute, «gauza garrantzitsuak eta huskeriak bereizteko zailtasunak» dituela. Hori guztia erantsi behar zaio Iparragirrek jada C estadioan, hau da sendaezin eta itzulezin fasean, duen hiesari.

Erabaki ulergaitza

Egoera honen aurrean, plataformako kideek ez dute ulertzen Iparragirre Basauriko kartzelan espetxeratu zutenetik sei aste igaro direnean espetxeko arduradunek zergatik ez duten bere kasua oraindik aztertu, «nahiz eta epe honetan zehar gutxienez sei aldiz bildu diren». «Une honetantxe erabakiaren atzeratze hau mendekuaren ikuspegitik baino ezin da ulertu», salatu dute, gogora ekartzearekin batera Iparragirre, bere osasun egoera dela-eta, bere etxean ari zela espetxealdi arindua betetzen. Izan ere, espetxe bereko Tratamendu Batzordea izan zen aurretik 100.2 artikulua aplikatu eta zigorra espetxetik kanpo bete behar zuela agindu zuena.

Ez daude besoak gurutzatuta geratzeko asmoz, eta hori horrela, Iparragirreren egoera larriaren berri emateaz gainera, bere giza eskubideen aldeko sentsibilizazio, elkartasun eta mobilizazio kanpaina indartu nahi dute. Horretarako, herritar guztien parte-hartzea eskatu dute, bai norbanako legez bai talde, elkarte edo erakunde gisara.

Alberto Marin presoa berriz ere Deustun da

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Alberto Marin Rupi preso deustuarra aske geratu zen larunbat goizean, espetxean lau urte pasa ondoren.

2010eko apirilaren 20an atxilotu zuen Ertzaintzak deustuarra, «kale borroka» ekintza batekin lotura zuelakoan. Marinek inkomunikazio aldian torturak jasan zituela salatu zuen Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epailearen aurrean eta salaketa berretsi zuen, Badajozko espetxean.

Mobilizazioei dagokienez, azken egunetan ere ez dira falta izan euskal preso politikoen eskubideak eta haien etxeratzea aldarrikatzeko elkarretaratzeak. Ostiralean, 21 lagun batu ziren Mundakan eta egun berean 16 Lizartzan.

Bestalde, zabalik jarraitzen du datorren maiatzaren 18an Larrabetzun egingo den Lasterbidean, Euskal Errepresaliatuen Eskubideen aldeko Nazio Lasterketan izena emateko epeak. Bertaratzen direnek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea (7,76 km) eta laburra (3,36 km). Lehenengoan parte hartu nahi dutenek, maiatzaren 16a bitartean dute izena emateko epea www.lasterbidean.com orrian; laburrean parte hartu nahi dutenek egunean bertan izango dute aukera. GARA