Olatz Ruiz de Azua
Gizarte Hezkuntzako ikaslea

Ausartentzako hegaldia

«Txoriek bezala, beharrezkoak ditugu hegoak. Eta txoriei bezala, esanguratsuak zaizkigu txioak. Kantuak. Olerki kritikoak. Sentimendu, pentsamendu eta nahiak adierazteko bertsoak. Kontzienteki nahiz inkontzienteki pertsonen azken txokoraino iristen diren mezu musikatuak.»

Euskal Herria eta Katalunia. Katalunia eta Euskal Herria. Bi herri. Bi hizkuntza. Bi pentsaera. Askatasun aldarri berbera. Bera da, hizkuntza, gure aldarrien alde motza. Inguruan ditugun mugak koloreztatzen dituen brotxa. Gure arrazoinamendu partikularren ahotsa. Gure izanaren funtsa. Baita aldarrikatzen dugun askatasunaren esentzia, ahalbide eta arma hutsa.


Baina hizkuntzak ez dira hutsak, sentimendu, emozio, hausnarketa, pentsamendu, ideia eta mezu koloretsuz baitaude beteak. Aseak. Askeak. Ez ordea bermeak.


Egin behar ditugu bermatu. Bultzatu. Mugaz gaindik askatu. Hizkuntzaren baitan izan gaitezkeelako soilik askeak, eta horretarako guk geuk eman behar dizkiogulako hegoak hizkuntzari ezinbestean. Hegoak ebakiko bagenizkio, ez zen eta gehiago txoria izango. Ez ginateke eta gehiago izango.


Txoriek bezala, beharrezkoak ditugu hegoak. Eta txoriei bezala, esanguratsuak zaizkigu txioak. Kantuak. Olerki kritikoak. Sentimendu, pentsamendu eta nahiak adierazteko bertsoak. Kontzienteki nahiz inkontzienteki pertsonen azken txokoraino iristen diren mezu musikatuak.
Hegoak eta kantuak soilik behar ditugu uztartu. Identitate bat ematen digun hizkuntzan altuan hausnartu. Hitza hartu eta pasatu. Lokartuta dauden kontzientziak esnatu eta esna daudenak emozionatu.


Ez da erraza ekintza, baina badira urte asko ahalik eta arima gehienetara iritsi nahian dabiltzan bihotz xumeak. Ideia beteak. Sentimendu eta emozioz beteriko mezu kateak. Kateak apurtu nahiko lituzketen  oihu poetiko dotoreak.


Angel Soro kantautore lleidatarrak hamabost urte betetzen ditu hemengo urtean. Indarrak berpizteko hartutako tartearen ostean, urteurrena ospatzeko asmoarekin disko berri bat grabatzen ari da lanean. Poesiaz jantzitako kantak emozio eta sentimenduz josten dituen Catalonian Music Workseko kidearen mezuek oraingo honetan euskararen hegoen astinduaz zeharkatuko dituzte mugak. Mikel Laboa, Salvador Puig Antich, Manuel de Pedrolo, Maria Merçe Marçal, Prous i Vila, Víctor Catala eta Josep Galan omenduko dituzten kantak, besteak beste euskararen defentsa eta sustapenaren aldeko abesti hunkigarri batez izango baitira lagunduak.


Txoriek altu hegan eginez beraiek duten askatasuna adierazteko beharrezkoa duten bultzadaren moduan ostera, mu- sika konprometituak ere beharrezkoa du herriaren indar eta bulkada berbera. Horregatik, Angel Soro katalanak Verkami izeneko sorkuntza proiektuentzako crowfunding plataforman (www.verkami.com/locale/eu/projects/8272), proiektua finantzatzeko ekimena martxan jarri du jadanik. Babesa eta ekarpena emanik, proiektuko parte hartzaile pribilegiatua bihurtuko zara batetik, eta bi herri desberdin egiten ari diren askatasunerako bidaia beraren hegaldiko txori bestetik.


Inorena izateko hegoak ebaki ez badizkizute eta libre izateko jaio zarelakoan bazaude, babestu musika konprometitua, Angel Sororen disko berrian egin zaitez mezenas!

Recherche