Garbiñe Bueno, Esti Mujika, Txutxi Ariznabarreta, Alberto Ugarriza, Kristina Rodriguez
Independentistak sareko kideak

Gehiengoaren nahia, independentzia

«Hemen ere erabakitzeko garaiak datoz eta erabaki egin beharko dugu. Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dago eta geure bidea zehaztu eta urratsak egiteko ordua iritsi dela sentitzen dugu gero eta euskal herritar gehiagok.»

Aurreikusita zegoen moduan, 2014an erabakitzeko eskubidea eta independentzia eztabaida politikoaren erdi-erdian daude. Orain dela gutxi arte utopikotzat eta ezinezkotzat jotzen zena aukera posible eta bideragarritzat hartzen dugu gaur.


Begi bistakoa da udazkenerako deituta dauden Eskozia eta Kataluniako erreferendumek eragin zuzena izan dutela guzti honetan. Bai, erreferentzia bilakatu dira independentziaren bidean urrats sendoak egiten ari direlako, eta herrialde horietara begira gaude, Kataluniara, batez ere, bere bidaian markatzen ari den geltokietatik geuk ere berandu baino lehen pasatu beharko dugula susmatzen dugulako.


Baina gure bidea geuk egin beharko dugu. Hemen ere erabakitzeko garaiak datoz eta erabaki egin beharko dugu. Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dago eta geure bidea zehaztu eta urratsak egiteko ordua iritsi dela sentitzen dugu gero eta euskal herritar gehiagok. Geure etorkizuna erabaki nahi dugu askatasun osoz. Geure buruaren jabe izan nahi dugu.


Gure azken nazio konferentzian independentismoari abertzaletasunetik harago doan dimentsio berri bat emateko apustua egin genuen, eta erronka zehatza jarri genuen mahai gainean: independentziaren aldeko gehiengo zabala osatzea, hots, euskal Estatuaren eraikuntzarako subjektu berria, eta gehiengo zabal hori egoki planteaturiko prozesuaren baitan aktibatzea.
Konferentzian finkatutako ildoari jarraituz, eraiki behar dugun subjektu independentista berri horri begira planteatu dugu Aberri Eguna. «Gehiengoaren nahia, INDEPENDENTZIA» da aurtengo Aberri Egunerako aukeratu dugun lema, independentzia ez dela zerbait abstraktua edo hutsa eta euskal herritarron gehiengoaren nahi eta beharrei lotuta dagoela adierazi nahi dugulako.

Deialdirako argitaratu dugun kartelean gurutzegrama bat agertzen da eta, bertan, independentzia hitza euskal herritarren aldarrikapenak adierazten dituzten hitzek gurutzatzen dute: herria, demokrazia, askatasuna, eskubideak, lana, etorkizuna, denontzat. Eta askoz hitz gehia- gorekin jarraitu dezakegu: justizia soziala, berdintasuna, aberastasunaren banaketa, babes soziala, Euskal Herri euskalduna, euskal kultura, nortasun nazionala…


Euskal herritarren nahiak eta beharrak adierazten dituzten hitzak dira. Gehiengoarentzako baliagarriak diren arrazoi unibertsalak adierazten dituzten hitzak dira gehienak, eta independentzia da, hain zuzen ere, hitz guzti horiek egia bilakatzeko aukerari ateak zabaltzen dizkion etorkizuneko alternatiba bakarra. Horrexegatik diogu gehiengoaren nahia dela independentzia.


Joan den igandean, A13, herri galdeketarekin ariketa demokratiko eredugarria burutu zuten Etxarri Aranatzeko herritarrek eta emaitzetan izan zen independentziaren aldeko bozen erabateko nagusitasunak argi islatzen du independentzia indartzen doan alternatiba erreala dela.


Eta igande bat beranduago, beste hitzordu oso garrantzitsua independentista guztiontzat Iruñean: Aberri Eguna. Munduaren aurrean hemen herri bat oso bizirik eta kementsu dagoela eta bere etorkizuna askatasunean eraiki nahi duela erakusteko eguna. Munduko herrien artean geure tokia nahi dugula aldarrikatzeko eguna. Ildo horretan, Aberri Egunak mugimendu independentistaren indartze prozesuaren termometroa izan behar du urtetik urtera. Horrexegatik, bizi ditugun garai politiko garrantzitsu hauek Aberri Egun indartsu eta esanguratsua eskatzen dute. Erakus dezagun gehiengoa garela! Denok Iruñera!

Recherche