Ander Ros Cubas

Jatorrak jatorrizkoa hiltzen duenean, Xabier Kintanari erantzunez

Apalxeago agertu zaigu oraingoan Xabier Kintana euskaltzaina ea behingoz Sopela izenaren onurez konbentzitzen gaituen. Betiko argumentu oker horiekin ez du erraza izango, ordea. Azkenetik hasiko natzaio erantzuten.

«Geure ohiko bizitokiaren izen jatorra zein den ez jakitea oinarrizko kultura faltaren seinalea« dela diosku berorrek, eta ulerkor agertu gainera «gure jende gehienek bertoko kultura eta tradizioak ez jakitearekin».

Baieztapen bihurri horrekin errespetu falta erakusten digu, Kintana jauna. Denok dakigu Sopelanak ahozko euskal usadioan Sopela dela eta horrela izan dela oso aspalditik gainera; besterik da, ordea, ahozko euskal usadioko forma bakarrik hartzea jatortzat. Esan nahi du horrek idatzizko euskal usadioko formak ez direla jatorrak? Filologia aipatu du berorrek, inork zalantzan jartzen ez duen eta gutxi-asko denok ezagutzen dugun lege fonetiko historiko bat gogoratzeko.

Behin filologiaren edo hizkuntzalaritzaren liburua eskuan hartuta, usadio/norma dikotomia ere badela irakur zezakeen. Dikotomia hori aldrebestu eta horren ordez jatorra, tradizionala, euskarazkoa, kultura ondarekoa/arrotza, espainola, akulturala (edo kontrakulturala?) saltzen tematzen da. Berorrek erabili zuen «espainola» terminoa orain hamar urte gai berataz idatziriko antzeko artikulu batean, oraingoan «erderakada» darabil; Patxi Galék, Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeko kideak, aldiz, «gaztelaniazko eboluzioaren emaitza» dela, artean izena aldatzeko prest ez zeuden herri-agintariei «ezjakintasuna nahiz maltzurkeria» egotzita.

Herri honetan, berorien lanari esker, gero eta argiago daukagu nor diren jakitun eta zintzoak eta zein garen ezjakin eta maltzurrak. Aitzitik, ezjakin eta maltzur bakarrak ez dira, ez gara, garai honetan Sopelana izena jatorrizkotzat eta Sopela beronen ahozko forma eboluzionatutzat hartzen dugunok, Sopelana izena mendeetan idatzi dutenak ere holakoak dira. Sopelana ez da, ezin daiteke izan, gaztelaniazko forma eboluzionatua zenbait arrazoirengatik. Lehena ez delako gaztelaniazko izena, bigarrena eboluzionatu gabeko forma delako, jatorrizkoa, alegia; edo ezagutzen dugun jatorrizkotik hurbilena bederen.

Euskaltzaindiak Sopela izenaren alde egindako diktamen ezberdinetan beti gogoratu izan digu, kolofoi gisa, «Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen 10. artikuluaren arabera, toki izenen jatorrizko idazkerari men egingo zaiola». Ez al zegoen garbi Sopelana dena forma jatorrizkoa eta Sopela euskakaren lege fonetiko bati esker bilakatua? Bai, baina «erdal jatorrizkoa» lehena eta «eboluzionatu jatorra» edo «jatorki eboluzionatua» bigarrena dioskute beroriek. Oso azalpide bihurria eta sinesten gaitza.

Administrazio espainolak debekatu omen ditu Sopela moduko forma «zuzenak», Sopelana moduko «okerrak» inposatuz. Besteoi eskatzen diguten kultura balute, jakingo lukete beroriek historikoki erdaraz eskribatu izan bada ere, euskarazko izenak euskaraz jasotzeko tradizio bat izana dela, gaur egunean prentsan, besteak beste, erabiltzen denaren modukoxea.

Euskara idazten hasi zenean Sopelana’ko uria, Lexonako batzokija eta abarrekoak idazten ziren bat ere konplexurik gabe. Horiek ezagutzea ere bada kultura izatea. Haatik, beroriek berorienari so eta euskararen biktimismoa dute guztirako azalpide sakona, hurrengo hiru argudio hutsalez lagunduta gaur hizpide dugun kasuan.

1.- Sopela, euskaraz, beste zenbait hizkuntzatan bezala, orokorra izan den lege fonetiko baten emaitza da. Lisbona, eguneko Lisboa ofizialaren ordez arkaismoa dela gogoratzen digu berorrek. Sopelana ere arkaismoa litzateke Sopelak ahantzarazi izan balu, baina ez da horrela gertatu. Arkaikoa dena lege fonetiko hori da, antzinatik produktiboa izateari utzi ziona, alegia. Modu zabarrean latina hitz egiten zeneko legea dela dio aipatu batzordeko idazkari Mikel Gorrotxategi jaunak, «latinetik hartu genituen hitzei aplikatu genielako araua, baina ez gaztelaniatik edo frantsesetik hartutako hitzei». Fenomeno fonetiko honen alde soziolinguistikoa ere interesgarria da, bertoko eskribau euskaldunek aho batez bulgartzat baitzuten. Kontuak kontu, paradoxa da Sopelana arkaikoa izateagatik baztertu beharra, arkaikoa den lege fonetiko baten emaitza den (baina antzinatik existitzen den) Sopela forma modernoaren mesedetan. Unescok toponimia gizateriaren ondare kultura dela eta horregatik galdu aurretik jaso, gorde eta erabilarazi behar dela ebatzi zuela gogoratuz betetzen zaie ahoa. Sopelana formak ez al du holako traturik merezi? Ez al da, zaharra izateagatik bederen, tratu horren merezigarria? Bistan da beroriek espainolitatearen estigma ezarrita ukatu egiten diotela.

2.- Sopelabaso izena dute ustezko eta pisuzko froga erabakigarria. «Aipu dokumentalak daude eta Sopelabaso izena agertzen da, ez Sopelanabaso» adierazten du aho betean M. Gorrotxategik. Datua ezin faltsuagoa da, dena esan behar baita. Sopelanabaso da XVII. mendearen hasieratik dokumentatzen den forma. Sopelabaso XIX. mendearen erdialdean hasten da agertzen, XX. mendean bata zein bestea erabiltzen direlarik artxiboetako paperetan erraz egiaztatu daitekeen bezala. Edonoren eskura dauden askotariko bi dokumentu baino ez aipatzearren, diogun 1910ko nekazal finken aitorpenetan 19 aldiz testatzen dela Sopelanabaso forma; 25 aldiz, berriz, 1928koetan, beste hainbeste baserriren aitorpenetan, agerpen guztien erditsuak. Edo egin dutela dioten lana polito eta garesti kobratu bai baina ez dute egin, edo zuzenean gezurretan ari zaizkigu Gorrotxategi jauna eta beronen segiziokoak, berriro ere ziria sartu nahirik. Argudio faltsua izateaz gain, hutsala ere bada, ezer frogatzekotan kontrakoa frogatzen baitu, Sopelanasolo eta Sopelanakurtze izenek bezalatsu. Hobe noizbait anonimatotasun koldarrean mahairatu diguten Sopelamendi ez aipatzea, neotoponimoa dirudielako honek, batzorde horretakoek oso gustukoa duten hitz bat erabiliz. Zer frogatzen digu honek? Aurretik ondotxo genekiena: Sopelana izan dela historikoki norma idatziari zegokion forma eta Sopela ahozko usadiokoa, inoiz edo behin idatziz ere jaso dena. Ezjakinen erdarakadak edo erdal administrazio maltzurrak erdaraturiko formak ote dira, bada, Sopelanabaso, Sopelanasolo eta Sopelanakurtze?

3.- Sopelana deitura Sopela idatzi omen da ezkutuan, ia klandestinitatean, administrazio espainolak inposatzen zuen Sopelana formari ihesi, Bilbaora eta Arkabustaizera alde egindakoen ahotik jasota. «Elizako administrazioak ez du inoiz Sopelana erabili», izan ere «urrutira joandako euskaldunek Sopela erabiltzen zutelako eta hala agertzen zelako bataio agirietan, baina administrazioak beti zuzentzen duenez, egun bakarrik Sopelana agertzen da» adierazi du lotsagabe Gorrotxategi jaunak. Online daude elizaren liburu sakramentalak, erraz ikus daiteke Sopelana dela ageri den forma bakarra, jakina. Susmagarria zen datua, are susmagarriagoa, aurreko gezurrak ezagututa. Hemen ere argudioa kontrakarrean itzuli zaie. Deiturak kontserbadoreagoak dira izatez. Munta eta sona handiko Sopelana leinuak eman zion bertako dorretxeari izena (edo alderantziz, oiloa eta arrautzarena asmatzea ez baita maiz erraza) eta hortik herri izenera zabaldu, ezin dira bata eta bestea bereiztu, historiak ondo loturik dauzka. Euskaltzaindiak berak ere Sopelana forma osoa du «egungo idazkera akademiko» bakartzat, bestela ezin litekeen bezala. Eskribauen saga ere izan ziren Sopelana leinukoak, goizetik Getxon lekutuak. Eskribauak askotan laguntzaileez baliatzen ziren eta tarteka hizkera zaindugabeagoan idatzitako ohartxoak eskribatzen zizkiguten, horietan aurkitu dugu inoiz edo behin Sopela forma halaxe idatzita. Holakoetan, agerpen batzuen eta besteen testuinguruak ikusi behar dira, horixe da filologoon lana. Ez dugu ezer Sopela formaren kontra, eta bai gustura erabiltzen eta entzuten, baina beste argudio batzuk eta beste jokabide bat erabili beharko dute idazteko ere aproposena dela konbentzi gaitzaten. Deabruaren abokatuarena egiten jarraitu beharko dugu, lana batzuk egin eta fama eta dirua bereganatzen eta agintekeria eta manipulazioa erabiltzen bestek jarraitzen duten bitartean.

Recherche