Joseba Felix Tobar-Arbulu
Ingeniaria

Makropolitika eta makroekonomia: petrodolarretik petro-errublora eta yuanaz hitz bi

Warren Mosler-ek erakutsi digunez,  (http://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/nazioarteko-ekonomia-eta-ainperialismoaa), «AEBetarako herrialdeen esportazio netoak beraien makroekonomien kalterako dira».

AEBekiko kanpo merkataritza honela hasten da: petrolio konpainia batek AEBei egindako petrolio salmenta batekin, non atzerritar konpainia ordaindua den dolarretan; dolarrak AEBetako banku kontu bati haren izenean egindako kreditua da, zuzenean edo zeharka.

Orokorki atzerritar Banku Zentralak (BZ) bere Altxor Publikoko tituluak erosten dizkio AEBetako Altxor Publikoari merkatuan berak jadanik erositako dolarrekin. Ez du atzerritar transakziorik egiten AEBetako Altxor Publikoarekin. Hortaz, dolarrak bankuko Fed-eko kontutik BZ-ko Fed kontura doaz: ordenagailu baten teklatuaren bidez egiten dira operazio horiek.

Esportazioak kostu errealak dira eta inportazioak onura errealak. Ondorioz, AEBek izugarriro onura ateratzen dute beren merkataritza defizitik.

Laburbilduz, dolarrak erabiliz, petrodolarrak izenarekin ezagutzen direnak usatuz, esportazio netoetan, AEBei petrolioa saltzeak AEBetarako aparteko onura dakar, petrolio esportatzaile herrialdeari kaltea dakarkion bitartean.

Horretaz konturatu dira Errusia eta Txina. Ikus ditzagun konturatze horretaz zenbait urrats, baita ondoriozko aldaketa sakon batzuk ere.

Petrodolarren bukaerarantz? Errusia eta Txina batera jarri dira dolarra alboratzeko nahian eta aldebiko merkataritzan errubloa eta renminbia erabiltzen hasteko. Funtsean Errusia eta Txinaren arteko akordio bat dago, gas naturaleko hornikuntzaz.

Dakigunez, Errusiaren eta Txinaren arteko akordio garrantzitsua heltzear dago. (Russia And China About To Sign “Holy Grail” Gas Deal: http://www.zerohedge.com/news/2014-04-09/russia-and-china-about-sign-holy-grail-gas-deal).

Errusiak petrodolarrak uzten baditu eta Txina eta Indiarekin ardatz eurasiarra eratzea azeleratuko bada, zer gertatuko zaio dolarrari?

Aipatutako akordio horretan, aldebiko merkataritza gauzatu daiteke errublotan edo renminbitan.

Merkataritza honelakoa izan daiteke (It’s On: Gazprom Prepares «Symbolic» Bond Issue In Chinese Yuan: http://www.zerohedge.com/news/2014-04-10/gazprom-prepares-symbolic-bond-issue-chinese-yuan): Errusiako Gazprom konpainiak Txinari petrolioa hornitzen dio. Txinak Gazpromi yuanez (errublotan bihurgarriak) ordaintzen dio. Gazpromek gero eta yuan gehiago bilduz. Errusiak txinatar produktuak eta zerbitzuak yuanetan (errublotan bihurgarriak) erosiz.

Horri gehitzen bazaizkio Iran, Irak, India eta saudi arabiarrak (Txinako atzerritar petrolio-iturririk handienak), petrodolarraren amaieraren aurrean egon gaitezke.

Dena dela, gogoratu Mosler ekonomialari amerikarrak dioena: «Garrantzitsua da zein monetatan aurrezten duen herrialde batek, ez transakzioetarako numerarioa zein den».

AEB, Errusia, petrodolarrak eta petro-errubloak. Esan bezala, Errusia prestatzen ari da petrodolarrei erasotzeko. Izan ere, errusiarrak jakitun dira «petrodolarren» eraginez eta abantailez.

Beste aldetik, azken bolada honetan, Txinak dolarra erorarazteko («from its position as the main global currency») BRICS-en ahaleginak gidatu ditu.

AEBen aldetik Errusiarekiko mehatxuak agertu dira, eta ondorioz, petro-errubloa martxan jartzeko bultzada berri bat azaldu da.

Afera, hortaz, dolarraren ordez errubloa erabiltzean datza.

Zer gertatuko litzateke baldin eta beste petrolio ekoizle batzuek edo petrolio kontsumitzaileek Errusiaren etsenpluari segituko baliote?

Kasurako, zer egingo du Txinak? Txinak jadanik yuanez izendaturiko merkataritza fluxuak prozesatzeko bi gune ireki ditu, bat Londresen bestea Frankfurten.

Egingo ote dute txinatarrek dolarraren aurkako mugimenduren bat?

Yuana: erreserba moneta berria? Berrogei (40) banku zentralek apustu egin dute yuana erreserba moneta bilakatzearen alde.

Orain arte, dolarra izan da nagusia mundu mailan erreserba moneta gisa, baina… dolarraren erabilera AEBetatik kanpo gero eta txikiagoa da.

Izan ere, 2000. urtean munduko erreserbetatik %55 AEBetako dolarretan ziren izendatuak. 2013ko bukaeran ia %33 izan ziren. Jaitsiera nabarmena.

Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arabera, 2003tik herrialde garatuetan «beste monetetako» erreserbak %200ean handitu dira, suspertzen ari diren herrialdeetan «beste monetetako» erreserbak %400 igo diren bitartean. (NDFk ez du yuan erreserben portzentajea eman).

Jukka Pihlman-ek dioenez, banku zentralek tratamendu berezia daukate, eta yuanari dagokionez, «The [yuan] may become a de facto reserve currency before it is fully convertible».

Yuanaren bihurgarritasuna hortxe egon liteke, de facto-ko praktikan.

Ondorio nagusiak. (i) Dolarraren mundu mailako nagusitasuna kolokan dago, gero eta gehiago. (ii) Badirudi hala Errusia nola Txina mundu mailako dolarraren rolaz jakitun direla. (iii) Ikusteko dago zer gertatuko den etorkizunean, gainera etorkizun hurbilean. (iv) Baliteke mundu mailan, laster, de facto-ko beste erreserba moneta bat egotea: yuana.

Recherche