Josu Imanol Unanue Astoreka | Bermeoko Alkateordea

Apirilak 11, urtebete sutea izan zela

Apirilak 11 goizaldeko laurak inguru, sutea hasi zen Bermeoko Alde Zaharreko etxe batean. Orain urte bete, herritar guztiok ikusi genuen nola sortutako suak bapeztu zuen pertsona askoren ilusioak, istorioak, bizipenak.

Horren lekuko izan ziren hara etorritako hainbat komunikabide, kazetariak, hartutako testigantzak, argazkiak, bideoak, elkarrizketak, esandakoak, elkartasun zantzuak, … hemerotekak beterik badaude gertatutako testigantza isilekin. Ziurrenik hemendik ehun urtera erabiltzeko asmoarekin.

Herritarrentzako, ezer garrantzitsua badago , hori geure alde zaharra izaten da, hor dauzkagu gure ondare preziatuenak, gure arbasoen oroigarriak, argazkietan agertzen diren irudi izoztuak.. galdu genuen ba, bizi zatitxo bat.

Zorionez herritarrak erakutsitako elkartasunari esker, hasi ginen gure indarretan sinesten eta pentsatzen dena azkar aldatuko zela, Bermeon ohituta gaude horretara. Nadiz tar Jon kalea berpiztuko zen eta umeak bueltatuko ziren kalera olgatzera, herritarrak jai egunetan eta betiko moduan han dantzatzera.. batek daki zenbat amets izan genuen.

Poza handitzen joan zen , erakundeetatik hartu genuelako hainbat promesa, baina, nagusiek esaten duten modura, berbak haizeak eroaten ditu.

Urte bat igaro ondoren eta itxaroten egon ondoren, berba askoren zentzua, ezerezean geratu dira, arinegi ahaztu dira esandakoak. Etxeak hutsik daude, batzuk horma barik, eta kaltetuak oraingoan beste jipoi bat gehiago hartu behar izan dute. Baloratuak izan eta gero, ez dira kontuan izango beraien eskaera asko.

Ez noa asko gehiago esatera, bakoitzak berak daki zer esan zuen komunikabideen aurrean eta zergatik nahi izan zuten horrela agertzea. Orain atera ditzagun dauzkagun erreportajeak eta hasi gaitezen berrikusten, aztertzen eta behar bada lotsak ateratzen.

Herriak eta herritarrak ez dute holakorik merezi, kaltetuak ez dute txantxarik merezi, orain urte bete, bai bakarrik urte bete, Bermeon sutea izan zen eta promesa asko eta asko.

Besarkadak kaltetu guztiei.

Recherche