GARA DURANGO

Olatu solidario batek Durangoko kaleak zeharkatuko ditu abenduaren 7an

Abenduaren 7an euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan burututako olatuak zeharkatuko ditu Durangoko kaleak. Tantaz Tanta herri ekimenak atzo azaldu zuenez, estadioetan, bertso-finaletan edo ospakizunetan egiten den mobilizazio eskema aplikatu nahi dute errepresaliatuen eskubideak aldarrikatzeko.

Durangon eginiko aurkezpenean ekimenaren ordezkariek azaldu zutenez, olatuak, Euskal Herriko hainbat kulturgile ezagunen babesa duenak, «hunkitzen gaitu gureganantz datorrenean, eta naturalki batzen gara koreografia horretara. Durangoko olatuarekin ere emozioetan eragin nahi dugu herritarren barren-barrenean».

Olatua Andra Mari elizpean hasiko da, Goienkalen gora egingo du, Zeharkale hartuko du eskuinetara eta Udaletxeko plazan bukatuko da. «Bakoitza bere tantarekin, guztiok izango gara protagonista», nabarmendu zuen Tantaz Tanta ekimenak.

Elkarretaratzeak

Bestalde, atzo ere elkarretaratze solidarioak izan ziren hainbat lekutan, hala nola: Gasteizen (530), Antzuolan (30), Mutrikun (50), Lekeition (162), Bergaran (52), Ondarroan (185), Oñatin (60), Deban (80), Mundakan (14), Lizarran (51), Agurainen (33), Zarautzen (125), Ugaon (37), Iruñean (255), Lazkaon (82), Lizartzan (29), Tafallan (47), Elgoibarren (48), Bilbon (110), Zizurren (21), Errenterian (222), Etxarrin (63), Algortan (145), Barañainen (42), Beran (18), Zornotzan (139), Aiaran (18), Amurrion (60), Usansolon (19), Andoainen (42), Lezon (23), Durangon (145), Betelun (46) eta Galdakaon (82).