Alberto Ugarriza, Edurne Larrañaga
LABeko Euskara Idazkaritza

Euskara normaltzeko eredu berria behar da

Euskararen normalizazioak eraldaketa bat eragin behar du administrazioko hizkuntza ohitura eta irizpideetan. Eraldaketa hori aurrerapauso gisa hartu behar dute administrazioko arduradunek zein langileek. Aurrerapauso demokratikoa, askatasunean sakonduko duena


Bakardadea eta inposizioa ez dira euskararen normalizazioaren bidelagun egokiak. Eta horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erakutsi duena V. Erabilera Planaren garapenean eta aurkezpenean. Komunikabideen eta gizartearen aurrean bestelakorik agertu arren, argi dago haien bakardadean osatu eta dekretuz inposatu duten erabilera plan baten aurrean gaudela.

Esan bai, eta jakin ere badakite hizkuntza-politika eraginkorra, eta beraz, erabilera plan eraginkorra izateko, euskararen normalizazioaren inguruan adostasun zabala ehuntzea eta langile publikoen borondatea eskuratzea ezinbesteko baldintza dela. Hori jakinda ezin da ulertu zergatik jo duten dekretuaren bidetik, adostasunaren eta negoziazioaren bidetik baino. Zergatik hain nabarmen eskaini aitzakiak euskararen normalizazioa inposizioarekin lotzen dutenei? Zail egingo zaigu euskararen normalizazioa inposizioaren estigmatik aldentzea Hizkuntza Politika diseinatzeaz arduratzen direnek dekretua eta goitik beherako eredua erabiltzen badute. Holako jokamoldeak euskararen normalizazioaren aurrean uzkur jokatzen dutenei arrazoi bat gehiago ematen die haien jarrera eta iritzietatik ez mugitzeko.

Plan berritzat aurkeztu duten arren, aurreko planen berridazketa kaxkarra baino ez da. Huts egin eta euskararen normalizazioan aurrerapauso nabarmenik izan ez duten III. eta IV. Planen berridazketa baino ez da. Hitz hutsak, bat bestearen atzetik idatziriko hitz hutsak. Txosten edo dokumentu itxurako fikziozko literatura baino ez da aurkeztu duten V. Plan hori. Bunker batean ondutako plan bat, inorekin kontatu barik osatu eta dekretuz ezarritakoa. Halako plan batek ibilbide laburra du, eta administrazio publikoaren hizkuntza erabileran eraginik izango ote duen, gutxienez, zalantzazkoa da.

Planak Eusko Jaurlaritzako langileei zuzenean eragin arren, langileekin eta langileen ordezkariekin ez dute kontatu ezertarako. Dena egina zegoenean, eta ezer aldatzeko ezelango aukerarik ez zegoenean, eman ziguten eta arretaz irakurtzeko eskatu. Botere harremana argi utzi nahi izan digute, eta ekarpenak egiteko aukera gutxi eskaini.

HPSko arduradunek holako jarrera erakutsi arren, LABek lehen momentutik argi utzi zien plana lantzeko eta osatzeko moduak baduela bere garrantzia. Plana elaboratzeko modua bera demokratizatu egin behar da eta parte hartzea bermatu. Administrazioan euskara normalizatua nahi duten guztien parte hartzea ahalbidetu behar da, euskararen normalizazioan bidelagun egokiak aukeratu behar dira. Onkerian eta bidelagun inozoak baino, normalizazioan aurrera egiten lagunduko duten bidelagunei ateak zabaldu behar zaizkie. Euskararen normalizazioaren demokratizazioa, eta demokratizazio horretan elkarlana ezinbestekoak dira. Ordua da normalizazioari trabak eta eragozpenak jartzeko, betoak erabiltzen dituztenak albo batean uzteko.

Horrez gain, HPSkoak egoskorrak dira, zeharo. Tematuta daude orain arteko ereduen zutabeak mantentzen, eredu horiek ez dutela behar bezalako emaitzarik eman jakin arren.

Badakite Hizkuntza Eskakizunek kasu gehienetan ez dutela benetan hizkuntza gaitasuna bermatzen, Hizkuntza Eskakizuna eta gaitasuna ez direla sinonimoak. Badakite nekez eman daitekeela erabilerarik gaitasun maila egokirik izan ezean. Hizkuntza Eskakizunak eta lanpostuak, ezin dira izan normalizazioaren zutabe zentrala. Gainera gaur egun, Eusko Jaurlaritzako egitura administratibo zurrunean Hizkuntza Eskakizuna dokumentu administratibo hutsa bilakatu da, bertako langileek nolabait lanpostuz aldatzeko orduan erabiltzen duten dokumentua. Paper hutsa da une honetan, hizkuntza gaitasunarekin zerikusi txikia duena.

Horren jakitun dira HPSko arduradunak. Horregatik hain zuzen, arreta berezia jarri nahi diete jendaurreko lanpostuei. Hor jarri nahi dute haien indar guztia, administraziora hurbiltzen den herritarraren hizkuntza eskubideak errespetatze aldera edo. Bermatu nahi dute herritarrek administrazioarekin duten lehen harremanean, behintzat, haien hizkuntza eskubideak errespetatuak izango direla. Izan litezkeen salaketak baino ez dituzte ekidin nahi. Susmoa dugu administrazioko lehen lerroan gertatzen denaz gain, gainontzekoak ez diela ardura handirik.

Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu behar dira, inongo zalantza barik. Baina gure ustez, akats larria da hori baino aintzat ez hartzea, eta behin lehen mailako arreta horretan eskubideak bermatu ostean, euskararen normalizazioa antzerkia baino ez bilakatzea. Eusko Jaurlaritzako arduradunentzat hizkuntza eskubideak herritarrek bakarrik omen dituzte, eta herri langileek, berriz; ez. Herri langileen hizkuntza eskubideak ez dira inon aipatzen.

LABen ustetan euskara normalizatzeko eredua bera da aldatu behar dena. Ezin da planteatu euskararen normalizazioa indibidualetatik abiatuta, lanpostutik abiatuta. Euskararen normalizazioaren abiapuntua eta helburua ezin da pertsona (langilea) izan. Ez da langilea «normalizatu» behar den lehenengoa eta bakarra, eta ondoren erabileran eragin. Ezin euskararen erabilera a posteriori normalizatu administrazio publikoan. LABen iritziz, erakundea da normalizatu beharreko subjektua. Erakundearen hizkuntza kategoria a priori zehaztu behar da, eta gero, administra-zioaren sail edo atal horren baliabideak (giza-baliabideak –langileak– eta baliabide materialak –aurrekontuak, inprimakiak, kartelak, ordenagailuak, hizkuntza irizpideak, harreman hizkuntza, eta abar–), hizkuntza kategoria horretara egokitu. Ordena horretan egin beharko litzateke benetan zerbitzu publikoetan euskara normalizatu nahi badugu.

Euskararen normalizazioak eraldaketa bat eragin behar du ezinbestean administrazioko hizkuntza ohitura eta irizpideetan. Eraldaketa hori aurrerapauso gisa hartu behar dute administrazioko arduradunek zein langileek. Aurrerapauso demokratikoa, askatasunean sakonduko duena. Administrazio publikoetan herritarren hizkuntza askatasuna bermatuko duena, eta langileei askatasun hori bermatzeko baliabideak eskainiko diena. Eraldaketa hori ez da emango erabaki kontziente eta demokratikoa hartu ezean. Euskararen normalizazioa oinarrizko eta ezinbesteko inbertsio bat da, zalantzarik gabe. Herritarren eta administrazioarekiko harremanak are demokratikoagoak izatea bermatuko duen inbertsio erreala. Baina susmoa dugu Eusko Jaurlaritzako agintarientzat euskararen normalizazioa inbertsioa baino gehiago dela bizi behar duten zama astun bat.

Recherche