Naiz.info
Bilbo

Depeche Mode Bilbao BBK Live jaialdian izango da

Talde britainiarrak uztailaren 11n eskainiko du zuzenekoa Kobetamendin, 2013an egingo duen mundu biraren baitan.

Depeche Modek Parisen aurkeztu du gaur bere hurrengo bira. (Miguel MEDINA/AFP)
Depeche Modek Parisen aurkeztu du gaur bere hurrengo bira. (Miguel MEDINA/AFP)

Depeche Mode BBK Live musika jaialdiaren zortzigarren edizioko talde nagusia izango da. Berak irekiko du jaialdia, uztailaren 11n. Dave Gahan, Martin Gore eta Andrew Fletcherek osatutako banda Kobetamendira itzuliko da lau urte eta gero.

1980an sortua, Depeche Modek 115 milioi disko saldu ditu bere ibilbidean zehar, eta hurrengo udan bere lan berria ekarriko du Bilbora, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Taldeak gaur bertan aurkeztu du Parisen hurrengo urtean egingo duen mundu bira eta hurrengo laneko bost kantu (disko berria udaberrian kaleratuko dute).

Hirukote britainiarrak 34 emanaldi eskainiko ditu Europan. Maiatzean abiatuko dute Tel Avivn eta Bielorrusian amaituko da uztaileko azken egunetan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, datozen egunetan jakinaraziko dira utzailaren 12an eta 13an Kobetamendin izango diren talde nagusien izenak.

BBK Liveko sarreren salneurria iazkoen berbera izango da –85 eurotan bonoa– eta ez du BEZaren %13a gaineratuko. Azaroaren 6an 500 bono aterako dira salmentara prezio horretan.

Hurrengo ediziorako Kobetamendiko kanpalekua handitzen ere saiatuko direla adierazi dute, eta Bilboko erdigunetik jaialdira gerturatzeko zerbitzua mantenduko dela ere esan dute.