Kanpai-jotzailea
Iñaki Zabaleta
2014/04/22

Korpus egunaren bezpera Nurtzaio-n. Kanpai-jotzailea, urduri, elizako kanpandorrera daraman eskailera kiribilduaren 125 mailak binaka gainditzen ditu. Goian, doi-doia du hiru kanpaiak prestatzeko eta kanpai-mihia egurrezko zutabeari lotzen dion soka tenkatzeko denbora. Kanpaietatik handienak —oinekin jotzen duena— besteak baino lan handiagoa eman dio, baina dagoeneko dena prest dago herriari Korpusaren jai handia iragartzeko.

Kanpaiak dilin-dalan hasten dira. Hasieran erritmoa geldoa da, baina poliki-poliki bizituz doa eta lehenengo mugimendua allegro-vivacen bukatzen da —une batzuetan prestora ere iristen da. Atseden txiki baten ondoren, kanpai-jotzaileak bigarren mugimenduari ekiten dio adagio tempoan; lehen bezala, erritmoa poliki-poliki bizituz doa, eta alleggro ozen batekin amaitzen du, zeinak dorrearen paretak burrunbarazten baititu.

Alabaina, kanpai-jotzailea triste dago: ez ditu gehiago joko herriko kanpaiak, mekanismo elektriko batez ordeztu baitute. Kanpaiak ere triste daude; kanpai-mihia, berdin. Dorreko maizterra ez da gehiago bertara igoko bizitzari lotzen dion soka tenkatzera. Zilbor-hestea moztu diote, egurrezko zutabera lotzen zuena. Izan ere, sistema berriak kanpaia azalean mailukatzen du, eta mailuak jotzen duen bakoitzean hura zauritu egiten du; zauri horien islak Nurtzaion barna hedatzen dira, eta goibeltasuna bailara osora hedatzen da.

Kanpai-jotzailea Nurtzaioko bailara zeharkatzen duen ibaiaren ertzean eseri da, udaberriko soinuei adi; txantxangorri, tarin eta karnaben alaitasunez blaitutako doinuek, uraren etengabeko marmarra lagun dutela, izadiaren melodia interpretatzen dute. Melodia horrek berak inspiratu zion Beethoven-i Pastoral, Edward Grieg-i Peer Gynt edo Smetana-ri Moldava obrak. Bitartean, bidegorrian jendea oinez zein bizikletan dabil, entzungailuak belarrietan, udaberriak eskaintzen dituen soinu ederrei sorgor.

Kanpaien antzera, Nurtzaion zerbait hiltzen ari da: giza sentiberatasuna aldatu egin da. Dena den, nik, kanpai-jotzaileak bezala, garai iragana nahiago.