Naiz.info
Baiona

Frederique Espagnac PSren bozeramaile izendatu dute

Aurore Martinen atxiloketaren aurka agertu den PSren ordezkarietako bat izan da. Aieteko Konferentzian ere parte hartu zuen eta euskal preso politikoen inguruan urratsak ematearen aldeko iritziak ere agertu izan ditu.

Frederique Espagnac -bigarrena eskubitik- Aurore Martinen atxiloketa salatzeko egindako agerraldian. (Bob EDME)
Frederique Espagnac -bigarrena eskubitik- Aurore Martinen atxiloketa salatzeko egindako agerraldian. (Bob EDME)

Frederique Espagnac senataria PSren bozeramaile bezala izendatu dute gaur alderdiak burutu duen batzarrean. 40 urte ditu eta 2011tik senatari kargua izan du. Francois Hollande, Frantziako presidentearekin gertutik lagundu zuen hauteskunde kanpainan eta orain alderdiko bozermailea izendatu dute.

Izatez biarnotarra den arren, hainbat aldiz beren sostengua agertu du Euskal Herriko egoeraren inguruan. Joan den astean esaterako, euskal presoen aldeko Baionako manifestazioan parte hartu zuen.

Aurore Martinen atxiloketa eta Espainiaratzea kritikatu duen PSko ordezkarietako bat izan da Espagnac eta Ipar Euskal Herriko lurralde antolaketa berriaren inguruan ere beren adostasuna agertu izan du.