Naiz.info
Donostia

Euskal selekzioaren partidarako sarrerak, 25 eta 15 euro artean

Euskal selekzioak arratsaldeko 20.00etan jokatuko du abenduaren 29an, Anoetan, Boliviaren aurkako partida.

Anoetan aurkeztu dituzte Euskal selekzioaren eta Boliviaren aurkako partidaren xehetasunak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Anoetan aurkeztu dituzte Euskal selekzioaren eta Boliviaren aurkako partidaren xehetasunak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Zazpi urte eta gero, Anoetara itzuliko da Euskal selekzioa. Gaur aurkeztu dituzte Xabier Azkargortaren Boliviako taldearen aurka jokatuko duten norgehiagoka. Lekua eta data ezagunak ziren. Anoetan jokatuko da abenduaren 29an. Ordua: 20.00etan.

Sarreren salmeta ere aste honetan bertan abiatuko da. Horien prezioa 25 eta 15 euro bitartekoa izango da eta iazko salneurria mantentzen dela ohartarazi dute antolatzaileek.

Realeko bazkideek bihar eta etzi sarrerak 3 euro merkeago eskuratzeko aukera izango dute talde donostiarraren web orrialdean.

Ostiraletik aurrera zaletu guztientzat izango dira eskuragarri toki berean.

Anoetako txarteldegia hilaren 26tik 29ra egongo da zabalik txartelak eskuratzeko eta gipuzkoarrak ez diren zaletuek beren lurraldeetako futbol federazioetan eskuratu ahal izango dituzte.

Jose Maria Amorrortu eta Mikel Etxarri entrenatzaileek abenduaren 24an jakinaraziko dute partidarako deitutako jokalarien zerrenda nortzuk osatzen duten.