NAIZ.INFO
BILBO

Ostegunetik aurrera, Metro Bilbaon egunean 50 tren gutxiago ibiliko dela ohartarazi du LABek

Ostegun honetatik aurrera, lanegunetan 10.30etik 23.00etara bitartean 50 tren gutxiago ibiliko dela jakinarazi du Metro Bilbaoko LABen atal sindikalak. Erabaki horren atzean «gidarien lantaldea murrizteko nahia» dagoela salatu dute.

Urtarrilaren 10etik aurrera, Metro Bilbaok lanegunetako ordutegia aldatuko du eta, hortaz, 10.30ak eta 23.00ak bitartean, 50 tren gutxiago ibiliko dela jakinarazi du LAB sindikatuaren Metro Bilbaoko atalak.

Lanegunetan, noranzko bakoitzean orain arte orduko 20 tren ibili badira, 18ra gutxituko dira aurrerantzean, hots, orduan 4 zirkulazio gutxiago izango direla azaldu du sindikatu abertzaleak.

Ohartarazi dutenez, zerbitzuaren murrizketa horrek, puntako orduetan –bazkalordua eta lanetik irteteko orduan– nasetan eta trenetan pilaketak ekarriko ditu, « bereziki, 2 lineako bidaietan (Basauri-Santurtzi), bidaiari gehien hor izaten denez gero».

Sindikatuaren aburuz, erabakia «neurrigabea eta zentzugabea» da, 2012an bidaiari kopurua %2 jaitsi zelako eta trenen murrizketa %10ekoa. Gainera, 2013aren bukaeran Metro Bilbaok beste geltoki bat izango du, Kabiezes.

Trenen murrizketa horren atzean gidarien lantaldea murrizteko erabakia dagoela salatzeaz gain, azaldu du Metro Bilbao abian jarri zenetik aurreneko aldiz murriztuko dela zerbitzua, orain arte beti areagotu egin baita.

Efe agentzia Metro Bilbaoren zuzendaritzarekin jarri da kontaktuan eta ostegunean maiztasunetan aldaketa bat indarrean sartuko dela esan du soilik, zerbitzuaren beharrei eta bidaiari kopuruari doitzeko.