NAIZ.INFO
BILBO

Matrikulazioen ardura berea ez zela adierazi dute EHUko epaitutako bi irakasleek

Enrique Antolin eta Xabier Aierdi EHUko irakasleen aurkako epaiketa hasi da Bilbon, bi euskal deportaturi unibertsitatean ikasten uzteagatik prebarikazioa leporatuta. Matrikulatzearen ardura berea ez zela esan dute eta behin unibertsitatean izena emanda beren betebeharra zela eskolak ematea. Iñaki Goirizelaia errektorearen eta lankideen babesa jaso dute.

Iñaki Goirizelaia, Enrique Antolin, Xabier Aierdi eta Juan Ignacio Perez, epaitegira iritsi direnean. (ARGAZKI PRESS)
Iñaki Goirizelaia, Enrique Antolin, Xabier Aierdi eta Juan Ignacio Perez, epaitegira iritsi direnean. (ARGAZKI PRESS)

Enrique Antolin Gizarte Zientzien fakultateko errektoreorde ohia eta Xabier Aierdi euskal presoen unibertsitate ikasketen tutorea epaitzen hasi dira gaur Bilboko Lehen Zigor epaitegian, Belen Gonzalez eta Angel Lete deportatuei –azken hori hilda dago– bere garaian EHUn ikasketak egiten uzteagatik prebarikazio delitua leporatuta. Fiskalak eta AVTk zortzi eta bederatzina urte arteko inhabilitazioa eskatzen dute beren lana egiteko edo kargu publikoan jarduteko.

Aierdik eta Antolinek beren abokatuaren eta Fiskaltzaren galderei erantzun diete bakarrik. Epaimahaiaren aurrean biek esan dutenez, beraiek ez zituzten ikasleak hautatzen eta ez ziren matrikulazioaz arduratzen, hori unibertsitateko administrazioak egiten zuen. Behin ikasle batek izena emanda duenean, eskolak ematera «behartuta» daudela adierazi dute.

Manu Monterio errektore ohiak lekuko gisa deklaratu du eta, azaldu duenez, berak ez zekien Angel Lete eta Belen Gonzalez «ikasle berezien» zerrendetan zeudenik. Protokolo hori 1988tik zetorrela gogora ekarri du, bertan sartze ziren gehienak preso politikoak zirela eta matrikulak errektoretzatik kudeatzen zirela. Bi deportatu zerrendan zeudela jakin izan balu horren aurka agertuko zela ziurtatu du, «irregularra» zelako. Lete eta Gonzalezi buruz hitz egiten ez zuela «sekula» entzun erantsi du.

Antolinek esan duenez, berak ez zuen erabakitzen nor sartzen zen «ikasle berezien» kategorian, hori unibertsitateak Bergarako UNEDekin sinatutako akordioan arautzen zen. Lete eta Gonzalezen kasuen kudeaketa Manu Monterok helarazi zion agindua izan zen eta, «gustatu ala ez», onartu egin behar zuen.

Aierdik azaldu du berak soilik tutore lanak egin zituela, ikasgai bakoitzeko gaiak bidali eta gainditzeko modua adostu, bai azterketa edo lan berezien bidez, zegokion sailarekin.

Fiskalaren arabera, ez Gonzalez ezta Lete ez zeuden espetxean eta, hortaz, ezin zitzaien «ikasle berezien» protokoloa aplikatu.

Babesa

9.30 aldera iritsi dira bi auzipetuak epaitegira, Iñaki Goirizelaia errektoreak, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore ohiak eta Carmelo Garitaonaindia Bizkaiko campuseko errektoreak lagunduta. Kanpoaldean EHUko hainbat lankidek elkarretaratzea egin dute eta txalo egin diete iritsi direnean.

Goirizelaiak babesa azaldu die eta bi irakasleek egin zutena egiteari ezin ziotela uko egin adierazi du, unibertsitatearen autonomia printzipioa aintzat hartuta bi deportatuei eskolak emateko «eskubidea, betebeharra eta obligazioa» zutelako. Gainera, ikasteko eta irakasteko eskubideak «bermatuta» egon behar duela nabarmendu du.

EHUko mila irakasle inguruk agiria sinatu dute Aierdiri eta Antolini elkartasuna adierazteko eta Ikasleen Kontseiluak ere oharra kaleratu du ildo beretik.