Naiz.info
Sara

Jean Haritxelharri omenaldia Sarako Idazleen Biltzarrean

Goizean abiatu da Sarako Idazleen Biltzarra, 30 urteko ibilbidea biribiltzen duen urteroko zita. 130 idazle dira bertan eta Jean Haritxelhar izango da eguneko protagonistetako bat.

 

Haritxelhar, Idazleen Biltzarrean, omenaldia jaso duenean. (Gaizka IROZ)
Haritxelhar, Idazleen Biltzarrean, omenaldia jaso duenean. (Gaizka IROZ)

Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten Sarako Idazleen Biltzarrak 30 urte betetzen ditu. Goizeko 10.00etan abiatu da jardunaldia eta aurkezpen eta beste hainbat ekitaldien bueltan jardungo da eguna.

Horien artean, Jean Haritxelharren omenaldia. «Biltzarraren lehen edizioa antolatu nahi izan nuenean, 1983an, hasteko hiru pertsona deitu nituen: Eugene Goyenetche, Pierre Lafitte eta Jean Haritxelhar. 30. edizio honetan 130 idazle izanen dira», dio Jean-Michel Garate arduradunak.

Hala, Euskal Herriko kultur munduan pertsona garrantzitsua eta Euskaltzaindiaren presidente ohia izan den Jean Haritxelhar omendu dute Saran eguerdian. Haritxelharrek azken hiru hamarkadetako lana goraipatu du ekitaldian. «Lan ona eta interesgarria izan da, ez bakarrik hizkuntzarentzat, euskararentzat, baita kulturarentzat ere», adierazi du.

Argitaletxeek ere hainbat berrikuntza eraman dituzte Sarara. Gatuzainek Paxkal Bourgoinen ‘Dogomuso neska tiki’ marrazki liburua eraman du. Maiatzek Gerard Urrutia, Mailuix Legorburu, Pierre Mestrot eta Mattin Etchamendyren argitalpenak aurkeztu ditu. Euskaltzaindiak Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Gratien Ademaren lanak eman ditu agerian. Elkarrek Janbattitt Dirassarren ‘Bele Xuriak’ aurkeztu du. Aldi berean, Daniel Landarten ‘Enbataren zirimolan’ eta Peio eta Jon Etcheverry-Aincharten ‘Le mouvement Enbata’ liburuak ere bertaratu ditu mugimendu abertzalearen sorrera ikusi zuen Aberri Egunarekin ere bat eginez.