NAIZ.INFO
BILBO

Eider Zuriarrain deustuarra atxilotu du Ertzaintzak Sondikan

Eider Zuriarrain deustuarra atxilotu egin du Ertzaintzak, Sondikan, lanetik irtetean. Auzitegi Nazional espainolak zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion iragan apirilaren 16an.

Bilboko Brankak jakinarazi duenez, ostiral arratsalde honetan atzeman du Ertzaintzak Zuriarrain deustuarra, Sondikako ikastolatik ateratzen ari zela.

Otsailean beste hainbat pertsonarekin batera epaitua izan ondoren, apirilaren 16an zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Entzutegi Nazional espainolak Zuriarraini, ETAri laguntzea emateagatik.

2011ko otsailean atxilotu zuten aurrenekoz Deustuko bizilaguna, Urruñan (Lapurdi), haren aurkako euroagindua onartu ondoren.

Hilabete bat beranduago Estatu espainolera entregatu eta espetxeratu egin zuten. 2011ko urrian aske utzi zuten, 10.000 euroko bermea ordainduta.

Iragan otsailean egindako epaiketaren ebazpena apirilean eman zuen ezagutzera Entzutegi Nazionalak, eta zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion.

Atxiloketa salatzeko, manifestazioa egingo dute 20.00etan, Larrabetzun, bertan bizi baita egun Zuriarrain. Astelehenean Deustuan izango da mobilizazioa, 19.30ean.