NAIZ.INFO
GASTEIZ

49 urteko gizon bat atxilotu dute Laudion, ustez emaztea labankadaz hiltzeagatik

Ertzaintzak 49 urteko gizonezko bat atzeman du Laudion (Araba), Amagoia Elezkano, 26 urteko bere emaztea, labankadaz hiltzea leporatuta, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez. Laudioko eta Orozkoko udalek osoko bilkura egingo dute arratsaldean eta ondoren kontzentrazioak deitu dituzte.

Laudioko Urumea kaleko 4.ean izan dira gertaerak. (ARGAZKI PRESS)
Laudioko Urumea kaleko 4.ean izan dira gertaerak. (ARGAZKI PRESS)

Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak goizeko 5.30etan jaso du abisua eta Laudioko Urumea kaleko 4. zenbakira iritsi denerako 26 urteko emakumea hilik zegoen.

Gizona etxean bertan zegoen eta han atxilotu dute poliziek. Hilketa burutzeko erabili duen labana ere han aurkitu dute.

Iturri horiek zehaztu dutenez, gizonak bere arrebari deitu dio emaztea hil duela esateko. Arreba  haren etxera joan da eta egia zela baieztatu ondoren Ertzaintzari deitu dio. Etxera joan direnean, biktima, ustezko hiltzailea eta bien haurra, hilabete gutxikoa, aurkitu dituzte agenteek. Umea gizonaren arrebak hartu du, osasun zerbitzuetako kideek ongi zegoela baieztatu ondoren.

Laudioko Udaleko iturriek berri eman dutenez, bertan bizi zen bikotea. Emakumea, Amagoia Elezkano, jatorriz Orozkokoa zen eta han egiten zuen lan, minusbaliatuentzako zentro batean.

Gizona, berriz, Portugaletekoa da.

Emakumearen gorpuak etxean eduki dute, epaileak 10.00ak pasata haren altxamendua baimendu duen arte. Ondoren, Gasteizko Institutu Anatomiko Forentsera eraman dute, autopsia egin diezaioten.

Senarra Laudioko Ertzaintzaren polizia-etxera eraman dute hasiera batean baina 9.15 aldera berriro etxera eraman dute, gertaeren berritzea egiteko. Bi orduz egon dira eta atzera komisariara eraman dute. Ataritik atera dutenean, manta batez estalita, han zeuden bizilagunek irainak jaurti dizkiote.

Ertzaintzak ikerketa abia du, jazotakoa argitzeko.

Osoko bilkurak eta kontzentrazioak Laudion eta Orozkon

Laudioko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpena onartu du krimena salatzeko eta Amagoia Elezkanoren familiari elkartasuna adierazteko. Bizilagunei indarkeria matxistaren aurka agertzeko eskatzen die Udalak.

Adierazpena arratsaldeko 19.30ean egingo den osoko bilkuran bozkatuko dute eta ondoren, 20.00etan, elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan.

Orozkon, berriz, osoko bilkura 18.45ean izango da eta 19.00etan elkarretaratzea.

Gasteizko Legebiltzarrean minutu bateko isilunea gorde dute osoko bilkura hasi aurretik.