NAIZ.INFO
BAIONA

Lurralde Elkargoaren aldarriari erantzun bat emateko eskatu diote François Hollanderi Baionan

Joaldunak aurretik, milaka pertsonek egin dute bat Baionan Lurralde Elkargoaren aldeko aldarriarekin. Deialdiak babes zabala zuen jasota aurretik eta protesta horren isla izan da. Mezu argi bat bidali diote François Hollanderi, «erantzun diezaiola Lurralde Elkargoaren aldeko eskakizunari».

Lurralde Elkargoaren baitako ildo zehatzen aldeko kartel ugari ikusi dira Baionako manifestazioan. (Gaizka IROZ)
Lurralde Elkargoaren baitako ildo zehatzen aldeko kartel ugari ikusi dira Baionako manifestazioan. (Gaizka IROZ)

Inoiz ezagutu gabeko atxikimendu maila handienarekin ekin diote Baionan Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioari ‘Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatea orain’ lelopean. 500 bat eragileren babesa jaso du deialdiak, eragile politikoak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak... tartean.

17.30ak pasatxo abiatu dira Laugatik eta, San Andres plazatik eta Boufflers pasealekutik igarota, Herriko Etxearen aitzinean dagoen plazan amaitu da manifestazioa. 5.500 pertsona bildu dira bertan, GARAk egin duten kontaketaren arabera.

Deialdiak izan duen babesaren lekuko da manifestazioaren parte hartzea, bertan baitaude alderdi politiko, sindikatu eta eragile ezberdinetako ordezkariak. Baionan dira, besteak beste, Max Brisson, Claude Olive eta Marc Oxibar UMPko ordezkariak, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle PSkoak, CFDTko ordezkariak, ELBkoak, Baterako delegatuak, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria...

Ipar Euskal Herriko hautetsi andana ere bildu da bertan, baita Baionako merkataritza eta industria ganbarako Pantxo Bomboire eta Peio Olhagaray ere. Jean-Jaques Lasserre Hautetsien Kontseiluko lehendakariak ere ez du zita galdu nahi izan.

Pasa den maiatzaren 30eko greba orokorra atzean utzita, bertan egon nahi izan dute ELAko eta LABeko idazkari nagusiak diren Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaidek. Daniel Olzomendi eta Maite Iturrek ordezkatu dute Udalbiltza protestan, Maite Ubiria, Amaia Izko eta Xabi Larraldek, aldiz, Sortu.

Amaierako ekitaldia François Hollande Estatu frantseseko lehendakariari bidalitako mezu bat izan da. Hala, Lurralde Elkargoaren proiektua «modernoa» eta «etorkizuna duena» dela aldarrikatu dute. Era berean, «aho batez» eta modu «demokratikoan» landua izan dela goraipatu dute.

Horren aurrean «ausardia» eskatu diote Hollanderi eta Lurralde Elkargoaren eskakizuna aintzat hartu eta erantzun bat emateko eskatu diote.