Naiz.info
Iruñea

Josune Arriaga Zaballako espetxera eraman dute

Iruñeko espetxean egon den Josune Arriaga preso politikoa Zaballako kartzelara eraman dutela adierazi du Herrirak. Handik berriz ere Topasera eramango dutenaren beldur da familia.

Josune Arriaga preso politikoa Topasetik (Salamanca) Iruñeko espetxera eraman zuten orain egun batzuk, gaixorik duen ama hamar urte eta gero ikusi ahal izateko. Azken egunetan Iruñean mantentzeko eskakizunak izan dira hainbat sektoreetatik, baina Ateakireki web orrialdeak Herrirako iturriak aipatuz dioenez, Zaballako presondegira eraman dute gaur.

Handik berriro ere Topasera eramango dutenaren beldur da familia. «Krudelkeria galanta da eta familiaren oinarrizko eskubideak urratzen ditu», esan du Herrirak.

Herri mugimendu honek elkarretaratzea deitu du bihar, eguerdiko 12.00etan, Gobernu espainolak Iruñean duen delegaritzan eta herritarrei bertaratzeko deia egin die.

Garikoitz Pascual, Logroñotik Leonera

Garikoitz Pascual preso loiolatarraren senideek jakinarazi dutenez, Logroñoko espetxetik Leonera eramango dute bihar. Iturri berberen arabera, zigora betetzeko zortzi hilabete geratzen zaizkionean aldatuko dute presondegiz.