Ainize BUTRON
BAIONA

Iheslarien atxiloketak salatzeko manifestazioa deitu du Bake Bideak uztailaren 20an

Iheslarien atxiloketak eta euroaginduak salatzeko manifestazioa deitu du Bake Bideak Baionan uztailaren 20rako, ‘Errepresioarekin bukatu, bake prozesua orain!’ lelopean.

Bake Bideako ordezkariak, Baionako agerraldian. (Bob EDME)
Bake Bideako ordezkariak, Baionako agerraldian. (Bob EDME)

‘Errepresioarekin bukatu, bake prozesua orain!’ mezua luzatuko du Bake Bideak datoren uztailaren 20rako Baionan antolatuko duen manifestazioan. Azken egunotan izandako hiru iheslariren atxiloketak –Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti, eta Aitor Zubillaga– salatzeaz gain, espainiar nahiz frantziar gobernuek duten «blokeo» jarrera kezkagarritzat jo du.

Atxiloketak joan den ekainaren 15ean Biarritzen Iheslarien Kolektiboak egin zuen ekarpen politikoari «erantzuteko» eginak izan direla uste du Bake Bideak eta gatazkak sortu ondorioak gainditzeko «oztopo» direla nabarmendu du.

Ondorioz, Paris eta Madrilgo gobernuen aldetik dagoen «blokeo» egoera hori ez duela «onartzen» eta «eragiten jarraituko» duela esan du. Euskal gizartea euroaginduaren aplikatzearen aurka eta blokeo horiek gainditzeko mobilizatzera deitu du, azkenik.

Uztailaren 20ko manifestazioa antolatzearekin batera, Paueko Auzitegiari eta agintari politikoei euroaginduak «itsuki» ez aplikatzeko deia egin die.

Manifestazioa arratsaldeko 16.00 abiatuko da Baionako Euskaldunen plazatik.