NAIZ.INFO
DONOSTIA

Ez dute ikuskaritzarik onartu atez atekoaren inguruko galdeketetan

Atez atekoaren aurkako plataformek Villabonan, Iruran, Anoetan eta Ordizian abiatu dituzten herri-galdeketetan ikuskatzaileen presentzia ukatu egin dute. Ordizian baino ez dute baimendu aukera hori.

Atez atekoaren aurkako plataformak galdeketak egiten ari dira asteburu honetan Anoetan, Iruran, Amasa-Villabonan eta Ordizian. Pasa den astean Zizurkilen gertatutako irregulartasunen aurrean, herritarrak bozketa guneetara bertaratu dira ikuskaritza egiteko.

Anoetan, Iruran eta Villabonan ukatu egin diete aukera. Gogor salatu dute jarrera hau herritar-taldeek eta biztanleek benetan zer gertatzen den jakiteko eskubidea dutela argudiatuta, galdeketetara bertaratzen den jendea zenbatzeko hautua egin dute.

Ordizian Bilduk ez dio zilegitasunik eman galdeketari, baina gertatzen dena aktan jasotzeko beharra nabarmendu du.

Anoeta, Irura eta Villabonan bihar arratsaldeko lauretan itxiko dituzte hautestontziak eta bi ordu geroago Ordizian.

Atez ateko bilketa sistema martxan dago ekainaren 17az geroztik Iruran eta Anoetan eta beste bi herrietan aste honetan abiatu dute edukiontzien banaketa.