Naiz.info
Donostia

Mikel Astarlozak txirrindularitza utziko du 12 urte eta gero

Hamabi urte eman ditu Mikel Astarlozak profesionaletan eta 34 urterekin txirrindularitza uztea erabaki du. Orain arte hartu duen erabakirik zailena izan dela aitortu du pasaitarrak.

Mikel Astarloza, ekainean, Tourrera joan aurretik. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Mikel Astarloza, ekainean, Tourrera joan aurretik. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Tourrarekin «maiteminduta» dagoela esan du Astarlozak eta bederatzi urtez bertan parte hartzea «ohorea» izan dela. 22 urte eman ditu txirrindularitzan eta azken 12ak profesionaletan. 34 urte bete ditu eta «bizitza aldaketa» egitea hautatu du pasaiarrak, orain arte hartutako erabakirik zailenaren ondoren.

«Nire garaipenik handiena nire lanbideaz disfrutatzea izan da eta gehien atsegin dudan horretan lanean bizitza aurrera atera ahal izatea. Ibilbide luzea izan da. Lagun asko egin ditut, leku asko ezagutu eta oso oroitzapen onak eramango ditut nirekin», esan du ohar batean.

Astarlozak badaki atzean gauza asko utziko dituela, «baina bizitzaren proiektu berriei ilusioz beteta» aurre egingo diela aitortu du.

Pasaitarrak 2002an egin zuen debuta profesionaletan Ag2R taldearekin. Bertan egon zen 2006ra arte, eta orduztik gaur egunera arte Euskaltel-Euskadiko txirrindulari izan da.

Bere ibilbidea gazi gozoa izan da, ordea. 2009an EPOagatik positibo eman zuen eta bi urtez egon zen errepideetatik urrun, 2011ko abuztuan itzuli zen arte.