Oihana Llorente | GAUR8

Errigora proiektua

Nafarroa hegoaldeko nekazaritza eta euskalgintza hauspotu nahi ditu Errigorak, bertako lurrek ereindako barazkiak kutxetan bilduz eta Euskal Herri osoan zabalduz. Errezetaren osagai nagusia auzolana da, herritarren borondatezko bitartekaritzari esker lortzen dituzten etekinak euskara sustatzera zuzentzen dituzte-eta.

Irailaren 28an aurkeztu zuten kanpaina. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Irailaren 28an aurkeztu zuten kanpaina. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Keinu bakarrean euskararen eta elikadura burujabetzaren alde egiteko aukera eskaintzen du Errigorak, eta konpromiso horri saski itxura eman dio. Nafarroa hegoaldeko lurrek ereindako barazkiak bildu eta Euskal Herri osoa bihurtu nahi dute azoka.

Legez «zona no vascófona» gisa katalogatutako Nafarroako hegoaldea dute ardatz, bertatik eta bertarako egiten dute-eta lan. Nafarroako Gobernuak herrialdearen mapan marra gorri bat ezarri eta lerroaren behealdean dagoen zonaldea «zona no vascofona» gisa bataiatu zuen. Orain, Errigora egitasmoaren bidez eta zonalde horretako lurrek ematen dituzten jakiak erabiliz, izendapen horrek euskara sustatzeko dakarren kaltea konpontzeko ahalegina egingo dute.

Nafarroako hegoaldea abiapuntu duen arren, Euskal Herria du lurzoru egitasmoak. Euskal Herriko mutur hartako baratzetako zainzuriak, pikillo piperrak edota orburuak, herrialde guztietako jantoki, sukalde eta jatetxeetara zabaldu nahi dituzte-eta. Erosleak merkatuko prezio berean aurkituko ditu jakiak, baina, aldiz, ateratako etekinen %25 euskalgintzari bultzada ekonomikoa emateko erabiliko dira. Nola liteke, baina, etekinak ateratzea? Errezetak badu sekretua: herritarren borondatezko bitartekaritza lana. Auzolana, beraz, Errigoraren helburu eta oinarri.

Xabier Gojenola eta Peru Aranburu lan horretan diharduten bi lagun dira. Errigora, baina, sarean antolatzen denez, lekeitiar horien lagunen eta lagunen lagunen beharra dute. Egun, udazkeneko kanpainak iraun bitartean, Euskal Herri luze-zabalean dozenaka lagun daude Errigoraren armiarma sarean katigatuta.

Hiru dira Errigoraren helburuak, eta xehetasun guztiekin azaldu dizkigute Gojenolak eta Aranburuk. Lehen asmoa, Nafarroa hegoaldeko produktuei Euskal Herriko plazan bide ematea da. Merkatu globalizatuak Nafarroa hegoaldeko nekazaritzari egiten dion kalteari aurre egin eta elikadura burujabetza bultzatuz, hain zuzen.

Ibiltzen hasi berri den egitasmoa denez, ezinezkoa dute gaur gaurkoz Nafarroa hegoaldeko nekazariekin bitartekaririk gabeko hartu-eman zuzena izatea. Azken helburua hori dela sostengatu arren, bost hornitzailerekin aritzen dira lanean egun. Aukeratutako bostak tamaina xumeko enpresak dira, eta, Gojenolak nabarmendu duenez, irizpide agreokologikoak, laboralak eta kalitatezkoak izan dituzte kontuan hautaketa egiteko. «Lizarra eta Tutera inguruko sindikatu eta nekazariek ezarri dituzte irizpideak, haiek dira bertako nekazaritza hobekien ezagutzen dutenak eta haiengana jo dugu», argitu du Aranburuk. Proiektua heldutasunera iristean nekazariekin zuzenean ariko direlakoan daude; «horretan saiatuko gara bederen», onartu dute biek ala biek.

Egitasmo bat, hiru onuradun

Bigarren helburua, Nafarroako Gobernuak zigortu duen bertako euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea da. Etekinen %25 zuzenduko dituzte zehazki euskalgintzara, eta, aurtengoan, Erriberako AEK, Lodosako ikastola, eta, ‘Euskaraz bizi eta ikasi’ herri ekimenak izango dira onuradunak.

Pozarren hartu du berria Erriberako AEk-ko arduraduna den Alizia Iribarrenek. Ziurtatu digunez, Erriberan euskara ikasten ari diren 51 ikasleek ekarpen ekonomikoa hori euren poltsikotan nabarituko dute. Izan ere, Errigorak emango dien dirua beka sistema bat abian jartzeko erabiliko dute.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzean dabilen AEK-k Tuteran eta Lodosan ditu egun euskaltegiak. Lehenean 35 ikasle daude, eta, bigarrenean, 16. Euskaltegi horien lana eta jarduna mantentzeko erabiliko dute dirua, baita euskararen sentsibilizazio kanpaina bat egiteko ere.

‘Euskaraz bizi eta ikasi’ Erriberako herri ekimenak ere saskien salmentaren irabazien parte bat jasoko du. Bertako beharrak ugariak eta handiak direnez, dirua zertan inbertituko duten ez dute argi oraindik. Ainhoa Jimenez ekimeneko kidea da. Sortzez iruindarra da, baina bizitzaren joan-etorriek Lodosara eraman eta bertako ikastolan matrikulatu du alaba. «Ni beti eskola publikoaren defendatzaile sutsua izan naiz, baina, tamalez, euskararen eta eskola publikoaren artean aukeratzeko tenorean jarri ninduten. Eta euskararen alde egin nuen –hasi zaigu kontatzen–. Ez dago eskubiderik, bigarren mailako herritar gisa tratatzen gaituzte. Hori bai, berdin-berdin ordaintzen ditugu zergak». Pozik hartu du Errigorakoek dirua haiei emateko erabakia: «Egunerokotasuna oso gogorra da hegoaldean. Hemen behekoekin Nafarroa Oinez eta horrelakoetan bakarrik gogoratzen zaretela pentsatzen dugu maiz. Pozgarria da, horregatik, gurekin jende gehiago gogoratzen dela ikustea».

Azkenik, egoera ekonomiko larrian dagoen Lodosako Ibaialde ikastola izango da laguntza jasoko duen hirugarren proiektua.

Auzolana eredu izateaz gainera, helburu ere badu Errigorak. «Lan kolektiboaren bidez ekarpentxo bat egiteaz gainera, lan molde honen beharra goraipatu nahi dugu» defendatu du Aranburuk.

Herrigintza, lelo bat baino, egiteko modu bat da Errigorarentzat, eta, horren adibide, eskaria Internetez egiteko aukera ez eskaintzea. «Gu ez gara inolaz ere banaketa enpresa bat –hasi da azaltzen Gojenola–. Auzolana dugu oinarri eta eskariak egiteko garaian eta banaketa egiteko orduan, garrantzi berezia hartzen du horrek. Eskaera puntuko inguru sozialaren inplikazioa ezinbestekoa zaigu, eta, etorkizunera begira, gainera, harreman horiek egonkortzea hil ala bizikoa da».

Besapean bi kanpainekin dator Errigora, helburuak, baina, handiagoak dira: «Zergatik kontsumitu kanpoko eta urrutiko olioa edo zainzuriak, bertokoak, nafarrak, ditugunean?». Horixe da Gojenolak eta Aranburuk luzatu nahi duten galdera, eta, era berean, mahai gainean jarri nahi duten erronka.

Nafarroa hegoaldeko produktuen kontsumoa erraztu nahi dute eta horretarako harreman iraunkorragoak eta egunerokoagoak eraiki nahi dituzte. Ikastetxeetako jantokiak eta kontsumo taldeak ere begiz jota dituzte eta haietan jarriko dute arreta ondorengo hilabeteetan.

Urtebeteko esperientzia

Errigora ez da ezerezetik sortu, ondo baino hobeto ateratako proiektu pilotu bat du-eta oinarri sendo. Gojenolak gogora ekarri duenez, eskualde eta herrialdeen artean informazioa eta harremanak bideratzea xede duen Zazpiak Bat Harreman Sarea dago Errigoraren oinarrian.

Zazpiak Bat Harreman Sareko hausnarketa batek eraman zituen Nafarroa hegoaldera, zehazki, bertan euskarak eta nekazaritzak bizi duten egoerara. «Bertan zeozer egin behar zela ikusi eta martxan jarri ginen», aitortu dute.

Iaz hasi zuten egitasmoa Ikastolen Elkartearekin batera, eta, 1.700 saskitik gora banatuta, 34.000 euroko etekina atera zuten. Diru hori Tuterako Argia ikastolara joan zen zuzen-zuzenean.

Arrakasta ikusita, helburu handiagoak ezarri eta proiektuaren nortasun eta antolakuntzan jarri zuten arreta. Lehenik eta behin, ikastolez harago, euskalgintza osora zuzendu nahi izan dute egitasmoa, eta, bide horretan, AEK eta Sortzen Ikasbatuaz aurkitu dituzte bidelagun. Planteamendu osatuago honek izen propioa eta marka behar zituen, eta, hala, Gojenolak aitortu moduan, Errigora izena eta irudi korporatiboa uda osteko kontua dira.