Naiz.info
Durango

Abenduaren 8an Durangora mozorrotuta joateko deia egin dute ezkutuan diren lau gazteek

Abenduaren 8an Durangoko kaleetan izango dira Irati Mujika, Idoya Iragorri, Goizane eta Unai Ruiz Pou, bi hilabetez ezkutuan dauden gazte auzipetuak. Euskal jendarteari deialdia egin diote «mozorro desobedienteekin» bertaratzeko. Beren ekimena ez dutela amaitutzat eman ohartarazi dute.

Irati Mujika, Idoya Iragorri, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz Pou ezkutuan dira azken hilabeteetan, Auzitegi Nazionalean 40 gazte independentisten aurka egiten ari diren epaiketara ez agertzea erabaki ondoren.

Azken asteeetan publikoki agertu dira lauak. Mujika Amezketako azokan izan zen; Iragorrik elkarrizketa eskaini zion Herrikolore komunikabideari; eta Pinedok eta Ruiz Pouk Gasteizko harresiaren asanbladan parte hartu zuten.

Oraingoan, deialdi berria zabaldu dute Askegunea-ren web orrialdean. Bideo baten bitartez, abenduaren 8an Durangon izango direla iragarri dute.

Egun horretan, diote, «goiz eta eguerdi partean, Durangoko kaleetan, tabernetan eta liburu eta disko azokako postuetan ibili nahi dugu. Zuokin batera, Durangoko giro zoragarriaz gozatu nahi dugu. Baina noski, ez dugu atxilotuak izan nahi, gure ekimena ez dugu amaitutzat eman nahi oraindik. Polizia atzetik dugu ordea».

Ildo horretan, euskal jendarteari mozorro desobedienteekin bertaratzeko deia luzatu dute. «Gu mozorro desobedientearekin jantzita joango gara. Baina gu soilik bagaude mozorrotuta, gureak egin du. Asko bagara ordea, haienak egin du».