Aitor Bikandi | Amalur Alvarez | Iñaki Etaio | Igor Goikolea

Qiryat Arba kolonia eta ‘Firing Zone 918’

Hebrongo Qiryat Arba kolonia nazioarteko legediaren aurka doan 7.000 biztanleko kolonia da. Bertan asentamentu politikaren adierazgarri garbia da Al Rajabi eraikina. Auzibidean da palestinarrei ala judutarrei dagokien erabakitzeko. Auzi berean ‘Firing zone 918’ zonaldearen inguruko erabakia hartuko dute, praktika militarretarako gunea.

Qiryat Arba koloniaren sarrera.
Qiryat Arba koloniaren sarrera.

Askapenaren brigadak Qiryat Arba kolonia judutarraren inguru fisiko eta historikoak bisitatzeko parada ere izan zuen, 7.000 biztanle inguru ditu eta nazioarteko legearen kontrakoa bada ere, Israelek kolonia legala bezala onartzen du 1973ko asentamendu hau.

Beste kasu askotan bezala, judutarrek koloniak gaur okupatzen duen lurraldean edo inguruan bizi ziren palestinarrak bota zituen, etxebizitzak eraitsi eta lantzen zituzten soroak ere kendu zizkieten, indarrez eta lurrarekin zeukaten lotura berreskuratzeko inongo aukerarik eman gabe.


Qiryat Arbaren inguruan zegoen etxebizitza baten hondakinak. Atzealdean, kolonoen etxeak.

Kolonia guztietan bezala, Qiryat Arba-n ez da inongo zerbitzurik falta eta beharrezko azpiegitura guztiak ditu, palestinarrek urarekin duten arazo larria ezezaguna zaio legez kanpoko hiri hauetako biztanleriari. Polizia, militar eta segurtasun hesi eta ohikoa den segurtasun-tresneriak inguratuta, mendebaldeko herriren batetan bezala bizi dira kolonoak. Baina kanpotik irudi daitekeena baino askoz kontzienteago dira kolonoak beraien egoeraz eta biztanleria judutarra eremu horretan mantentzearen arrazoiaz.

Nazioartean legez kanpokotzat hartzen diren kolonia hauek oso helburu zehatza daukate: Biztanleria palestinarrari hainbat modutan presio egitea, bizitza zailtzea, beraien etxe eta lurrak utz ditzaten.

Estrategia honen paradigma argia da Wadi al-Hussein gunean kokatutako Al Rajabi eraikina. Hebrongo alde zaharra eta Qiryat Arba kolonia artean kokatuta, Rajabi familia palestinarraren lau solairutako eraikina 2007ko martxoan okupatu zuten kolonoek. Eraikina hutsik zegoen eta kolonoek Qiryat Arba asentamendua eta Hebrongo alde zaharreko enklabe judutar txikiagoekin konektatu eta gune horretan hedatzeko ideiarekin hartu zuten etxebizitza hau, eremuko ezinegona handituz eta Israelgo Defentsarako Ministeritzaren erantzuna ere eraginez, honen baimenik gabe okupatzea legez kontrakoa delako.


Al Rajabi eraikina, ikus daiteken bezala, israeldarrek okupatuta eta militarizatuta daukate.

2008ko abenduan Israelgo militarrek kolonoek “House of Peace” izenarekin bataiatutako eraikin hau hustu eta kuartel militar bezala erabili izan dute orduz geroztik. Honelako mugimenduak gertatu diren bakoitzean, hau da, kolonoak palestinarrei dagozkien lurretara joan eta lurrak edota eraikinak okupatu dituztenean, honen ondoriozko biolentzia eta istiluak piztu dira, funtsean, gertaerak dakarren militarizazioarengatik: Batetik kolonoen segurtasuna bermatzeko militar/polizien partetik datorrena; eta bestetik kolonoek, askotan armekin ere, palestinarrengan gauzatzen duten presio zuzenagatik.


Militarren presentziak hainbat irudi harrigarri eragiten ditu.

2013ko irailaren 2an, tira-bira eta gatazka askoren ostean, Al Rajabi eraikinaren gaineko jabetzaren inguruko epaia hasi zen, prozesu luzea izango da jabetza palestinarrei ala israeldarrei dagokien erabakiko duena, baina ikusita Jerusalemeko Auzitegi Gorena dela honen inguruan azken erabakia hartu behar duena, palestinarren aldeko eragileek ez dute itxaropen handirik.

Epai horretan bertan beste gai garrantzitsu baten inguruko auzia ere hasi zen, “Firing Zone 918” delakoaren ingurukoa.


“Firing Zone 918” eremuaz ohartzen duen seinalea.

Palestinako Askapenaren brigadak al Atwani herrixkan eta inguruan gertatzen denaz ere berri izateko aukera izan zuen. Hebrongo Hegoaldeko gune honetan sionisten injerentziaz ez dira libratzen bertako herritar palestinarrak, ‘Operazione Colomba’ delako ekimen italiarraren bidez ezagutu genituen lurrari modu estuan loturiko gune txiro honen problematika.


Al Atwani herrixkak hainbat zailtasun pairatu behar izan ditu, kokapenaz aparte, kolonoen injerentzia dela medio.

Al Atwani-n 300 lagun inguru bizi dira eta C arearen parte da (Osloko Akordioek hiru gunetan banatu zuten Zisjordania: A area, non administrazioa eta segurtasuna Autoritate Palestinarraren kontrolpean dauden; B area, administrazioa APren kontrolpean baina segurtasuna Israelen erantzukizuna; C area, administrazioa eta segurtasuna Israelen kontrolpean), beraz, edozer gauzatarako Israelgo autoritateen baimena behar dute eta, ohikoa den bezala, bertakoen edozein beharretaz baliatzen dira sionistak lurralde hauetan bizi direnak ere kanporatzeko presioak egiteko. Beharrezkoak zaizkien ura eta janaria eskuratzeko adibidez, hurbil dagoen Yatta hirira erosketetara joaterakoan bidean dagoen checkpoint-an geldiarazi, etxeetan dituzten ur-tankeak tirokatu eta elektroindarra eskuratzea zailtzen diete.


Hebrongo hegoaldearen mapa.

1999az geroztik Operazione Colomba eta B´Tselem, Ta´ayush eta Breaking the Silence-eko aktibistekin egindako elkarlana hobera egin eta al Atwani eta inguruko herrietatik 1.500 pertsonatik gorako manifestazioa antolatzea lortu zuten. Orduz geroztik egindako lana bere fruituak eman baditu ere, lan asko dago egiteko, izan ere inguruan dituzten 7 kolonietatik 3 Israelen begietara ilegalak diren arren, erraztasun guztiak lortzen dituzte eta palestinarren kontrako erasoak guztiz eteterik ez dago.

Orain arte esandakoa C gunean bizi den palestinar orori aplika dakiokeen egoera generikoa iruditzen duen arren, Hebrongo Hegoaldeari gehitu beharreko zailtasun berezia aipatzea falta zaigu, Israelek bertan ezarritako praktika militarretarako gunea, “firing zone 918”. al Atwani kokatuta dagoen bailaratik oso hurbil Masafer Yatta gunean 12 herrixka palestinar daude, guztien artean 1.000 biztanle biltzen dituzte eta komunean daukate erabilera militarra daukan firing zone 918 gune honek suposatzen dituen oztopo eta euren presentziarako arriskuak.

Brigadak al Mufaqarah herriaren kasua hurbiletik ezagutzeko parada izan zuen eta bertako herritar batzuk aurrean zeudela sionisten injerentzien hainbat adibide entzun genituen.


Al Atwani eta Al Mufaqarah arteko bidea.

2011an sionisten bulldozerrak al Mufaqarah-ra ailegatu eta bertako etxe eta eraikinak bota zituen, hauen artean elektroindarra ekoizteko generadorea zegoenez, ordutik ez dago bertan argirik izateko modurik. Telazko kanpin-dendan hartu gintuzten, batzuentzako logela zen kanpin-denda alegia, eta baita derrigorrezkoa den tea hartzera gonbidatu, egoera latzak inposatutako baldintzetan ere ohiturak mantentzeari eta abegitsu izateari ez diote uzten, atzerritarrarekin azaltzen diren bezain gertu, hala eusten diote adoreari.


Al Mufaqarah-n kanpin-dendak erabili behar dituzte, harrizko etxebizitzen ordez.

Baldintza latzei konponbidea topatzeko xedearekin hainbat aktibista bildu izan dira, adibidez, etxe berriak eta meskita eraikitzeko 70 pertsona inguru bildu izan dira lehenago aipatutako hainbat elkartetatik etorrita eta israeldarren oztopoak gainditzeko eta beharrezkoak zaizkien zerbitzuak berreskuratzeko, izan ere, eta besteen artean, abagunea dutenean medikuei pasatzea debekatzen diete militarrek. Hauek guztiak nazioartean salatzeko Hebrongo Hegoaldeko Herri Komiteak mundu-mailako sinadura bilketa du martxa.