Naiz.info
DOnostia

Gipuzkoako kontratazioetan hizkuntza irizpideak bertan behera uzteko agindu du Urquijok

Gipuzkoako Aldundiko kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak baliatzeko neurria bertan behera uzteko agindu du Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok. Aldundiak berak gogor salatu du «euskarari dion herra obsesiboa» eta agindua ez duela beteko aurreratu du.

Carlos Urquijo, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Carlos Urquijo, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak erabiltzeko neurria indargabetzeko agindu du Carlos Urquijok eta hilabeteko epea eman dio administrazio publikoen hizkuntza irizpideak arautzen dituen Diputatuen Kontseiluaren erabakia bertan behera uzteko. Erabaki hori aurreko legealdikoa da, 2009ko urtarrilaren 27koa hain zuzen.

Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak gogor salatu du Urquijoren jarrera. «Euskarari eta erakunde honi dion herra obsesiboa salatzea ezinbestekoa da», adierazi du.

Etxeburuak Urquijoren «injerentzia» arbuiatu du. «Gobernuaren ordezkaria ez da nor euskaldunoi zer egin behar dugu esateko. Instituzioak normaltasunez funtzionatzea oztopatu nahi du, eta euskararen araudiaren garapena eta ezarpena eragozteko grina erakusten du. Hilabeteko epean erabakia bertan behera uzteko eman badigu ere, aurreratzen dugu ez dugula egingo. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, salatzen du euskaraz bizi garenon aurkako Estatuaren inposizioa, eta politika egiteko duen eskubidea aldarrikatu nahi du», esan du Etxeburuak.

Kontseilua: «Euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza-politikak behar dira»

Kontseiluak ere bat egin du Urquijok hartutako erabakiaren aurkako salaketarekin eta «euskaldunon hizkuntza-eskubideak babestea helburu dituzten hizkuntza-politikak behar ditugula» nabarmendu du, «euskararen normalizazioa erdietsi dadin».

Bere aburuz, administrazioek herritarrei beren hizkuntzan artatzea dagokie eta horretarako «beharrezkoa da langile guztiak euskaldunakizatea».

Kontseiluaren iritziz, Gipuzkoako Aldundiak hartutako bidea «egokia da» eta hartutako erabakiari eusteko egin duen hautua babestu du.