NAIZ.INFO
Donostia

Arrakala, Topatu eta Bilgune Feministaren elkarlana, «heteroaraua zulatze bidean»

Bilgune Feministak eta Topatu.info komunikazio proiektuak elkarlanean Arrrakala proiektua abiatu dute. Testigantzetan oinarritutako dokumental baten bueltan, heteroaraua gainditzeko tresna kutxa bat sortu nahi dute. Guzti hori modu parte hartzaile eta dinamikoan egingo dute, gainera. Arrakala.net webgunean elkarrizketen aurrerapenak argitaratuko dituzte eta egunerokoa ere izango da jendea prozesuaren parte izan dadin. Heteroaraua zirrikituz zulatze bidean

Arrakala proiektua abiarazi dute Topatu.info komunikazio proiektuak eta Bilgune Feministak «heteroaraua zirrikituz zulatze bidean». Elkarlanean garatuko dute eta azken helburua, heteroaraua gainditzeko «eztabaida zein lanketa kolektiborako baliabideak eskainiko dituen» erreminta kutxa bat sortzea dela adierazi dute.

Aurkeztearekin batera lehen emaitza bat ere bai dinamikoa izan asmo duen proiektu horren aurkezpen gisa, garatuko duten lan taldearen argazkia nola egin zuten azaltzen duen bideoa.

Proiektua garatu ahala ezarritako heteroarautik aldentzen diren esperientziak eta bizipenak jasoko dituztela iragarri dute. Lau oinarri izango ditu lanketa horrek: heteroaraua bera definitzen saiatuko dira, familia eredu nuklear heterosexuala ez dela aukera bakarra erakutsiko dute, genero identitateen eraikuntza ere landuko dute eta baita desira aukera ere. Modu honetan plazaratu dute azken honen planteamendua: «nola egituratzen da desira jendarte patriarkaletan? Zer suposatzen du egun bollera a la maritxua izateak?»

Dokumentala ardatz, webgune bat erreferentzi

Testigantzak eta esperientziak izango dira tresna kutxa honen oinarria eta dokumental formatoa hartuko du amaieran. Guzti hori DVD baten bilduko dute eta bertan dokumentalaz gain, horretarako grabatu dituzten elkarrizketak osorik jasoko dituzte formakuntzarako baliabide gisa. Gainera, dokumentala ikusi osteko solasaldiak dinamizatzeko ereduak ere izango dira eta sormen lanekin osatuko dute.

Abian da proiektua Arrakala.net webgunean. Eguneroko bat osatuko dute proiektuaren jarraipena izan ahal dezan erabiltzaileak, elkarrizketen aurrerapenak plazaratuko dituzte bertan eta guztia «jendea prozesuaren parte sentitu dadin» egingo dutela iragarri dute.