NAIZ.INFO
Senpere

Seaskak lege propioa eskatu du milaka euskaltzaleren babesarekin

Arrakastatsua izaten ari da beste urte batez Herri Urrats Senpereko lakuan. Aurten aldarri nagusi bat gailendu zaie denei, ikastolentzat lege propio bat. Ordezkari instituzional eta politiko ugari gerturatu da Seaskari eta ikastolei babesa ematera, eta honek babes handiagoa eskatu die.

‘Lege bat ikastolentzat’ zioen mezua agerian Senperen. (Bob EDME)
‘Lege bat ikastolentzat’ zioen mezua agerian Senperen. (Bob EDME)

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak aldarrikapenez ohikoa baino gehiago izan du gaur. Ikastolentzat lege propio bat eskatu du Paxkal Indo Seaskako presidenteak irekiera ekitaldian. Euskal ikastetxeentzat soilik ez, Frantziako Estatuan hizkuntza gutxituetan erakusten duten elkarteentzat lege propio bat behar dela aldarrikatu du, azken urtean Parisek departamentuan duen ordezkariak ezarritako oztopoak gogoan.

Diruz dituzten mugak ere gogoratu ditu Indok, tartean hori baita Herri Urratsen helburu nagusietako bat ere, dirua biltzea. Azken urteetan egoera larrian direla esan du, gero eta haur gehiago dituztela euren ikastetxeetan baina gero eta diru gutxiago euren langintzan aurrera egiteko. Lakuari zuzenean zuzendu zaio Indo Kristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea parean zituela. Azken hiru urteetan Lakuak eman ohi zien diru laguntza ez dutela jasotzen adierazi du, «itotzen ari gara» esan du. Baztarrikak hedabideetan egindako adierazpenetan erantzun du, euskara sustatzeko elkarte ezberdinei, Seaskari barne, diru laguntza handia, 400.000 eurokoa, eman diela aurten, baina «baliabide mugatuak» dituztela aitortu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza zabala izan da Senperen Martin Garitano Ahaldun Nagusia buru. Foru Aldundiak Seaskarekin 600.000 euroko diru laguntza emateko akordioa du, baina Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak, Carlos Urquijok, auzitegietara eraman du laguntza. Garitanok Aldundiaren konpromisoa berretsi du: «gure konpromisoa irmoa da eta ez dugu atzera botako agindu arren».

Lege propioaren aldarrian ere bat egin du Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren buruak, berarekin zuen, gainera, Silvyane Alaux diputatu sozialista eta Frederique Espagnac senataria.

Bertan izan dira, gainera, Jean Claude Iriart ezker abertzaleko hautetsi baionarra, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea eta Izaskun Bilbao eta Jean Telletxea hautagi jeltzaleak.

Giro bikainean

Gainerakoan eguraldiak uste baino gehiago eutsi dio eta euskaltzaleak dira protagonista Senpereko lakuaren inguruan. Egun osorako egitarau oparoa antolatu du aurten ere Seaskak Senpererera gerturatzen den ororentzat. Webgunean eskaini dute informazio osatua.