NAIZ.INFO
GASTEIZ

Sestaoko Udalaren jarduerari buruzko ikerketa abiatu du Arartekoak

Biztanleen erroldaketari buruzko gomendioak betetzen diren edota herritarren segurtasunari buruzko informazioa eskuratzeko, Sestaoko Udalaren jardueraren gaineko ofiziozko ikerketa abiatu duela iragarri du Arartekoak.

Josu Bergara, Sestaoko alkatea –erdian–. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Josu Bergara, Sestaoko alkatea –erdian–. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Sestaoko Udalaren jarduerari buruzko ikerketa hasi du Arartekoak, ofizioz, eta zenbait arloren gaineko informazioa galdegin du.

Udal bizkaitarrak azken urteotan burutu dituen hainbat jarduera dela-eta, Arartekoak esku hartu behar izan duela gogoratu dute, une desberdinetan, ofizioz nahiz herritarrek egindako kexak bideratzean.

Iñigo Lamarka buru duen erakundeak zehaztu du udal jarduera horiek gai desberdinekin lotuta daudela, hala nola, udal errolda kudeatzea eta pertsona batzuei erroldatzea ukatzea. Azken honen harira polemika handia izan da azken asteotan, batez ere Josu Bergara alkateak etorkinen inguruan esandakoengatik. SOS Arrazakeriak lagunduta, hainbat etorkinek salaketa jarri zuten erroldatzen uzten ez zietelako.

Jarduera horiek direla-eta, Arartekoak zenbait informazio eskatu dizkio Udalari. Alde batetik, biztanleen erroldatzeaz Arartekoak egindako gomendioak betetzen ari ote diren galdetu diote Udalari.

Gainera, hirigintza eta herritarren segurtasunerako jardueren inguruan informa dezala eskatu dio Arartekoak Sestaoko Udalari.