NAIZ.INFO
DONOSTIA

Harriet Agirre atxilotu dute Donostian, espetxetik atera eta hiru egunera

Polizia espainolak Harriet Agirre donostiarra atxilotu du Egia auzoan, espetxetik atera eta hiru egunera. Barne Ministerio espainolaren arabera, asteartean bertan Audientzia Nazionalak igorritako atxilotze agindu bati erantzunez atzeman dute.

Agirre aske utz dezatela exijitzeko manifestazioa egin dute Egiako auzoan. (NAIZ.INFO)
Agirre aske utz dezatela exijitzeko manifestazioa egin dute Egiako auzoan. (NAIZ.INFO)

Gobernu espainolak baieztatu egin du Polizia espainolak Harriet Agirre atxilotu duela, Donostian.

Egia auzoan atxilotu dute, arratsaldean, eta abokatu batek lagunduta eraman dute.

Atxilotu dutenean ez dute zehaztu arrazoia. Barne Ministerio espainolak igorritako oharrean azaltzen denez, hilaren 27an –Agirre espetxetik atera zen egunean– Audientzia Nazionalak igorritako atxilotze agindu batengatik hartu dute atxilo.

Asteartean bertan atera zen Agirre Madrilgo Valdemoro espetxetik.

200 bat lagunek manifestazioa egin dute Egian, Agirre aske utz dezatela aldarrikatzeko.