Naiz.info
Donostia

Arrakastatsutzat jo du Tantaz Tanta ekimenak larunbatean Durangon osatutako olatua

Larunbatean ehunka lagunek Durangon osatutako olatua «emozioz betea» izan zela adierazi du Tantaz Tanta ekimenak eta preso eta iheslarien eskubideen aldeko konpromisoa milaka lagunek daukatelak berretsi zuela iritzi dio. Grabaketaren emaitza ere eman dute argitara.

Tantaz Tanta ekimena pozik agertu da larunbatean Durangon egindako deialdiarekin. Arrakastatsua izan zela nabarmendu du eta bertaratutakoek erakutsitako borondatea eta lanean aritu ziren 80 bolondresen ekarpena goratu ditu.

«Bakoitza bere tanta eskuetan hartuta, afera hau konpontzeko guztiok ezinbesteko garela irudikatu genuen olatuarekin», adierazi dute. Eta larunbatean egindako grabaketaren emaitza izan den bideoa ere eman dute argitara.

«Emozioz beteriko ekitaldia izan zen –adierazi dute–, eta bertan berretsi zen euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko konpromisoa daukatela milaka euskal herritarrek, eta espetxe politika aldatzeko ezinbestekotasuna agerian geratu zen».

Larunbateko olatua urtarrilaren 11n Bilboko kaleetan egingo den itsasoaren entsegu orokorra izan zela ohartarazi dute eta Bizkaiko hiriburua itsaso erralgoi batek hartuko duela aurreikusi.