GARA

Zaborrak mekano biologikoki bereizteko lantegiak ateak zabaldu ditu Baionan

Ipar Euskal Herri osoko zaborrak tratatuko dituen Canopia lantegiak ateak zabaldu ditu. 2009an lantegia sortuko zela jakin zenean, herritarrek kezka ugari agertu zituzten bai zaborren bereizketa mekano biologikoa bai metanizazioa arriskutsuak zirelakoan. Egitasmoa, baina, gauzatu egin da.

Zaborren bereizketa mekano biologikoa eta metanizazioa indarrean jarriko duen Canopia lantegiak ateak zabaldu zituen atzo Baionako Batz eremuan. Etxeetan sortutako zaborren kudeaketaz arduratzen den Bil Ta Garbi elkargoak bultzatutako lantegiak 265.000 herritarrek ekoitzitako zaborrak tratatuko ditu. Guztira, 30 langilek eginen dute lan bertan.

Canopi lantegiaren sorreraren berri 2009an izan zen lehen aldiz. Zaborren bereizketa mekano biologikoak eta metanizaziok eragiten dituen arriskuekin kezkatuta, lantegia jasotzen duen Ipar Baionako bizilagunek hainbat protesta abiatu zituzten Adech elkartearen bidez. Elkarteak, lantegia jartzeko aukeratutako lekuarekin desadostasuna azaltzeaz gain, hiru salaketa jarri zituen Bil Ta Garbi elkartearen aurka Paueko Epaitegi Administratiboan. Adech elkarteak jarritako salaketek, aldiz, ez zuten aurrera egin, eta, ondorioz, iaz abiatu ziren autobidetik gertu kokatuta dagoen 4.000 metro karratu inguruko Batz lur eremuan lantegia eraikitzeko lanak. Atzo, azkenean, lantegiaren ateak ofizialki zabaldu zituzten, bai hautetsientzat bai herritarrentzat egindako inaugurazio ekitaldian.

Lantegi erraldoia bi gunetan banatuta dago. Atzoko bisita gidatua, bereizketa zentroan hasi zuten hautetsi eta herritarrek. Bereizitako zaborrak soilik jasoko dituen gune horretan, plastikoak, kartoiak, egunkariak eta kontserbak bilduko dituzte. Behin bereizketa sakona eginda, bildutakoa birziklatze prozesuetan adituak diren profesionalei salduko die Urbaser taldeak.

Eraikinaren bigarren gune batean, zaborren bereizketa mekano biologikoa eta metanizazioa burutuko da. Hain zuzen ere, azken urteotan Ipar Baionako herritarrek izandako kezka nagusiena, prozesu horiek auzoan usain txarra heda dezaketela da. Jean Grenet Baionako auzapezak 2009an proiektuaren berri eman zuenean, argi utzi zuen arlo horretan indar berezia eginen zutela auzotarrek usain txarrik jasan beharrik ez izateko. Hala, eraikina guztiz itxia da eta depresio sistema bat ere badu lantegiko airea kanpoarekin nahas ez dadin.

%100 materia organikoa

Canopia lantegian zaborrei emango dieten tratamenduarekin, helburua %100 materia organikoa lortzea da. Prozesu horretan alboratutako burdin hondakinak lurperatuak izango dira, eta, materia finak, berriz, enpresaren baitan irentsiko dira.