Arantxa MANTEROLA
NAFARROAREN EGUNA

Baigorritik mundu osoari so, Euskal Herria ereiten segitzeko

Ohi moduan, Mattin eta Xalbador erraldoiak buru zirela ekin zieten atzo Baigorrin ospakizunei, dantza, musika eta kantaz blaitutako lagun giroan. Alta, atzokoan izan zen nobedaderik jada 35 urtez jarraian egin den festan. Lehen aldiz Baigorriko auzapezak Nafarroaren Egunaren antolatzaileei zein nafar eta oro har euskal herritar guztiei merezitako aitortza egin zien publikoki.

«Agur Nafarroa eta agur euskaldun guztiei. Goza ezazue egun hau. Biba Nafarroa!», esan zion Jean-Michel Coscarat Baigorriko auzapez berriak eguerdian Elizako plazan bildutako jendetzari.

Aldez aurretik hitza hartua zuen Herriko Etxean, estreinakoz Nafarroako auzapezei bertaratzeko egindako gomitari erantzun zioten 30 bat hautetsien aitzinean. Han ziren, besteak beste, Izura, Banka, Irulegi, Uharte Garazi, Bidarrai, Azkarate, Gamarte, Donazaharre eta Baztango hautetsiak. Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruak, Laura Mintegi EH Bilduko parlamentariak eta Aralarko Patxi Zabaletak ere ez zuten hutsik egin. Nafarroako bandera udaletxeko balkoian eskegi eta denek argazki ederra atera zuten, Coscaratek «kultura eta festatik harago, arlo guztietan denon arteko elkarlana sendotzeko» asmoa eta nahia adierazi ostean.

Eguzkia, laino trinkoak eta euri tantak borrokan aritu ziren egun guztian. Agian eguraldiaren ezegonkortasunak aurreko edizioetan baino jende gutxixeago erakarri zuen, atzokoan, Baigorrira. Giroak, ordea, ez zuen kale egin. Urteroko hitzorduko ekimenak gogoz eta alaitasunez jarraitu zituzten Euskal Herri osotik eta, batez ere, Nafarroako txoko guztietatik jindako milaka herritarrek.

Goiz partean, txistu, trikiti, gaita eta txaranga doinuen artean, kabalkada koloretsuak herria zeharkatu zuen elizako plazaraino iristeko. Han ziren Amikuzeko eta Baigorriko jigante eta buruhandiak, Agoitzeko, Leitzako eta Lizarrako dantza taldeak, Iruñea, Sakana eta Barañaineko 55 trikitilari, kalejiran atzetik zituztenen eta plazan bildutakoen gozamenerako emanaldi ikusgarria eskaintzeko prest.

Aldarrikapenen eta iragarpenen korridore bihurtuta, bide guztian paratutako pankarta eta kartelek hurrengo egun eta asteetarako hitzorduak gogoratzen zituzten, esaterako Maiatzaren 1eko ekitaldiak, hilak 11ko Herri Urrats jaia edota ekainaren bukaeran izango den Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Euskal preso politikoen eskubideen aldarria ere presente egon zen. Hala, Ibon Fernandez Iradi preso gaixoaren egoera gogora ekarri zen, eta sakabanaketa politika salatzeko laster aukera berri bat izango dela ere gogoratzen zuten pankartetako deialdiek; hain zuzen ere, hurrengo ekainaren 14an Baionan antolatu den manifestazio nazionalean.

Urtero bezala, Herrirak deiturik, preso eta iheslariekin elkartasunezko manifestazioa egin zen Baigorrin eguerdi partean. Aurretik, behin dantza saioa amaituta eta Karmeleren ohiko irrintzia entzunda, Basaizea elkarteko ordezkarien mezua arretaz jarraitu zuten plazan bildutakoek. Laburra baina trinkoa izan zen.

Eraso andana

«Aurten ere gure nortasuna aldarrikatzeko borrokatu egin behar izan dugu», aditzera eman zuen Ramuntxo Bidartek, bake prozesuak aldebakarrekoa izaten segitzen duela eta euskarak pairatutako erasoak gogoratu aitzin. «Estatu frantsesean gure hizkuntza biziarazteko eskubidea ukatzen segitzen dute. Nafarroan euskarazko hezkuntza kriminalizatzen saiatzen ari dira, amalgama larri eta ezin onartuak jendarteari aurkeztuz eta ikastola berrien eraikuntza legez kanpo emanez beste mende bateko legeen gibelean gordez», nabarmendu zuen.

«Sozialista jakobinoek» abian jarri nahi duten lurralde antolaketa berriak Ipar Euskal Herriarentzat ekar dezakeen arriskua ere aipatu zuen. Alabaina, egindako lanak izandako fruituak azaltzea ere ez zuen ahantzi. Igaro berri diren bozek Baigorriko Herriko Etxean eragindako aldaketa baliatuta, honako irakurketa egin zuen: «Abertzaleak otso beltzak ez direla eta elkarlanaren bidez proiektu berriak posible direla ulertzen hasia da gizartea».

Bidean egiten ari diren urratsen artean, Basaizeak Eskozia eta Kataluniaren egoera gertutik segitzen du, eta «Euskal Herriaren eraikuntzan ere gure harria ekartzen saiatzen gara» esan zuen Maialen Gallerasek.

Ahalegin horretan, «bakoitza bere aldetik jardutea ezinezkoa» dela iritzita, bailarako biziraupena bermatze aldera, aurten inguruko herrietako elkarteekin batera elkarlana abiatuko dutela iragarri zuen. «Epe luzeko lan horretan begiak zabalik atxikitzen ditugu, Euskal Herri osoari eta munduari so, iniziatiba eta auzolan guztietako ereduak bilduz. Gure herria eta kultura salbatzeko, aldarrikatzeko, hots, bizitzeko» amaitu zuen Nafarroa eta Euskal Herria ereiten segitzeko prestasun osoa dutela agerian utzirik.