Naiz.info
Donostia

Kultura eta kirol arloko lagunek erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko galdegin dute

Kirol eta kultura arloko elkarte, talde eta norbanakoek Gipuzkoan errauste planta eraikitzeko proiektua bertan behera utz dadila eskatu dute agiri baten bidez.

Sinatzaileetako batzuk bere atxikimendua adierazi dute gaur prentsaurrean. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Sinatzaileetako batzuk bere atxikimendua adierazi dute gaur prentsaurrean. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Kultura eta kirol arloko norbanako eta taldeek bat egin dute Gipuzkoa Zero Zabor gizarte eragileak ekainaren 17an Donostian antolatu den ‘Aire gariak, bira nazan. Zero errausketa. Mosaiko erraldoia’ aldarrikapen festarekin eta Gipuzkoan errauste planta eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko galdegin dute.

Kultura alorrean sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Joseba Tapia, Imanol Ubeda (Bide Ertzean), Joxe Mari Agirretxe (Porrotx), Jon Maia, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi, Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio eta Esne Beltza eta Napoka Iria musika taldeak.

Kirolarien artean ere beren atxikimendua eman diete Imanol Agirretxek, Patxi Usobiagak eta Eñaut Zubikaraik, besten artean.

Ildo horretatik eskatu dute «etsipenean eta ezkortasunean oinarritutako etorkizun grixa albo batera utzi eta gure esku dagoena egin dezagun gure seme-alaba, iloba eta bilobek merezi duten etorkizun koloretsu eta hobeagoa izan dezaten».