Naiz.info
Donostia

Europako Ingurumen arduradunekin bilduko da Gipuzkoako Aldundia

Foru Aldundiko ordezkaritzak Gipuzkoa zero zabor norabidean jarriko duen hondakinen garapenerako estrategiaren berri emango dio bihar Europako Batzordeari.

Iñaki Errazkin Gupuzkoako ingurumen diputatua, Juan Carlos Alduntzin kabinete burua eta Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendaria hartuko ditu William Nealek, Janez Potocnik Ingurumen komisariarioaren hondakinen saileko arduradun nagusiak.

Bilera hau uda hasieran egindako beste bilera baten jarraipena da, aurrekoan estrategia berriaren nondik norakoak azaldu ostean, Europako Batzordeko Ingurumen departamenduko arduradunek interesa azaldu baitzuten gaian sakontzeko. Biharko bilerak bi erakundeen arteko elkarlana nola sustatu aztertzeko baliatuko dute.

Europako Batzordeko Ingurumen saila hondakinen kudeaketaren 2020rako egitasmoa lantzen ari da azken hilabeteotan eta Foru Aldundiak estrategia horretan oinarrituta garatu du Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren eredu berria. Kudeatzeko eredu honek hondakinak baliabide gisa hartzen ditu eta baliabide ekonomiko diren neurrian zabortegietan ez isurtzeko eta errauste plantetan ez erretzeko helburua du.

Bestetik, Foru Aldundiko ordezkaritzak hondakinen gaia lantzen duten zenbait europarlamentarirekin bilerak egingo ditu, Gipuzkoako estrategia azaltzeko eta haien iritzia jasotzeko.