NAIZ.INFO
PAU

Irailaren 11ra atzeratu dute Arturo Villanuevaren aurkako auzia

Arturo Villanuevaren aurkako euroagindu auzia ziren aztertzekoak gaur Paueko Auzitegian. Defentsak eta prokuradoreak hala eskatuta, ordea, irailaren 11ra atzeratu dute, Madriletik bidalitako informazioa nahikoa ez dela iritzita.

Arturo Villanuevaren askatasuna eskatzeko Urruñan egin duten elkarretaratzearen irudia. (NAIZ.INFO)
Arturo Villanuevaren askatasuna eskatzeko Urruñan egin duten elkarretaratzearen irudia. (NAIZ.INFO)

Arturo Villanuevaren aurkako euroagindu auzia irailaren 11ra atzeratzea erabaki du Paueko Auzitegiak defentsa eta prokuradoreak hala eskatuta, Auzitegi Nazional espainolak igorri duen informazioa nahikoa ez dela uste baitute.

Hurrengo saioan, beraz, Madrili informazio gehiago eskatu hala ez erabakiko dute, baita prozesuak irauten duen bitartean presoa aske utziko duten edo ez.

Villanueva abuztuaren 27an atxiltou zuen Polizia frantsesak Urruñan. Errefuxiatu politikoa Belfasten egon zen hainbat urtez, eta duela gutxi itzuli zen Lapurdira. Bizitza guztiz publikoa eta normala egiten zuen bertan.

Ez da haren aurkako auzia atzeratzen den lehen aldia. Bitartean, espetxean jarraituko du Villanuevak.

Iñaki Imazen aurkako euroagindu eskaera aztertuko dute egun berean.