NAIZ.INFO
ISLAMABAD

Hilketa delitua leporatu diete Pakistanen kiskalitako ehungintza lantegiaren ugazabei

Hilketa delituak eta arduragabe jokatu izana leporatu die Pakistango Poliziak atzo Karachin erre zen lantegiko jabeei. 300 lagun inguru zendu dira sutearen ondorioz.

Suak erabat kiskali zuen Ali Enterprises ehungintza lantegia. (Rizwan TABASSUM/AFP PHOTO)
Suak erabat kiskali zuen Ali Enterprises ehungintza lantegia. (Rizwan TABASSUM/AFP PHOTO)

Karachiko Poliziak jakinarazi duenez, oraindik ezin izan dituzte erretako ehungintza lantegiko jabeak atxilo hartu: Abdul Aziz eta haren seme diren Shahid eta Arshad.

Bitartean, erreskate taldeek ezbeharra jazo zen lekuan jarraitzen dute lanean, oraindik ez baitituzte gorpu guztiak atera. Gainera, garrek eragindako kalteen ondorioz eraikina erori ere egin daitekeela ohartarazi dute.

Ali Enterprises ehungintza enpresako langileek komunikabideei azaldu dietenaren arabera, sutearen tamaina ikusita, langileak baino lehen makineria salbatzeko agindua eman zuten ugazabek.

Josteko makinak, hain zuzen, baliatu zituzten langileek leihoak apurtu eta lantegitik ateratzen saiatzeko, hori baitzen eraikinetik ateratzeko modu bakarra.

Sindh probintziako Auzitegi Nagusiak kasuaren instrukzioa abiatu du eta lurraldeko Gobernuak ere ikerketa batzordea osatu du, bertako prentsaren arabera.

300 langile inguru hil dira sutearen ondorioz.