NAIZ.INFO
DURANGO

Nestor Basterretxeak egin du Durangoko Azokaren kartela

Nestor Basterretxea artista bermeotarrak egin du aurten, enkarguz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioaren kartela. Abenduaren 6tik 9ra ospatuko da.

Nestor Basterretxea, gaurko agerraldian. (ARGAZKI PRESS)
Nestor Basterretxea, gaurko agerraldian. (ARGAZKI PRESS)

Nestor Basterretxea artista bermeotarrak egin du aurten, enkarguz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioaren kartela.

Azken urteetan lehiaketa bidez aukeratu izan da kartela baina aurten lehengo ohitura berreskuratu nahi izan dute. Izan ere, garai batean Durangaldeko artista bati eskatzen zioten kartela eta aurten euskal artista bati egin diote enkargua. Aurreko urteetako kartelen ildoarekin hautsi eta azokak arte plastikoekin duen lotura agerian jarri nahi izan dute horrela.

Gerediaga Elkarteak «ilusio bereziarekin» dihardu prestakuntza lanetan, Basterretxearen ekarpenak azokari emango dion «hauspo bereziak» indartuta.

Basterretxeak aitortu duenez, beretzat «ohorea» izan da enkargua jasotzea, azokak berak bere ekarpenak baino «garrantzia handiagoa» duelako. Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendariarekin agertu da komunikabideen aurrean.

Egun bat gutxiago, abenduaren 6tik 9ra

Bere esanetan, azokan egon izan denean, beti «miretsi» izan du, bertan «ibilitako jendetza eta ekimenaren arrakasta». Esan du «pena» dela halako ekimen batek «hain egun gutxi irautea» -aurten lau egun izango dira, bost beharrean-, eta, amaitzeko, antolatzaile eta parte-hartzaileak zoriondu egin ditu.

Azken urteotan lantzen ari den teknika berri batean oinarritzen da bermeotarraren lana. Telebistako irudietako pixelei argazkia atera eta haiei forma emanez, egitura geometrikoak egiten ditu, hortik kolore biziak dituzten beirateak osatzeko.

Aiert Goenagak eskerrak eman dizkio Basterretxeari «eskainitako eskuzabaltasunarengatik eta kolaborazioarengatik».

Euskal ijitoak

Azoka abenduaren 6tik 9ra ospatuko da eta iaz baino egun bat gutxiago iraungo du, arrazoi ekonomikoak tarteko. Euskal ijitoak izango dira kultura gonbidatua.