NAIZ.INFO
DONOSTIA

Espetxe politikaren amaiera eskatzeko Baionan eta Bilbon manifestazioak deitu ditu Herrirak

Herrira mugimenduak datorren hilabeteei begira bi mobilizazio «erraldoi» sustatu nahi dituela adierazi du. Bata azaroaren 10ean izango da, Baionan, eta bestea, aldiz, urtarrilaren 12an Bilbon. Espetxe politikaren amaiera eskatuko dute bietan.

Amaia Esnal eta Jon Garai Herrira mugimenduko bozeramaileak prentsaurean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Amaia Esnal eta Jon Garai Herrira mugimenduko bozeramaileak prentsaurean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Amaia Esnal, Herrira mugimenduaren bozeramaileak, datorren hilabeteetarako bi mobilizazio «erraldoi» sustatzen ari direla azaldu du Donostian eman duten prentsaurrekoan. Bata azaroaren 10ean Baionan izango dela argitu du, bestea, aldiz, Bilbon izango da, urtarrilaren 12an.

Bi mobilizazioei helburu bera jarri die mugimenduak, Estatu frantsesari nahiz espainiarrari espetxe politikaren amaiera eskatzea.

Une politikoaren garrantzia azpimarratu du Esnalek eta konponbidearen eta mobilizazio hauek bakearen eraikuntzan aurrera egitea «galarazten» ari den kartzela politika honen aldaketa eskatzen duen gizarte baten adierazpen «irmoa» izan behar dutela esan du.

Baionako manifestazioa 15.30etan abiatuko da Euskaldunen plazatik. Bertan Hollanderen gobernuari «gauzak beste modu batera egiten hasteko» eskatuko diote. Izan ere, Estatu frantsesak giza eskubideak urratzen ditu Esnalen esanetan, «dispertsioa mantenduz, isolamendua bezalako neurriak ezarriz, edota bizi osorako zigorra aplikatuz».

Horregatik, «inmobilismotik eta muturreko politiketatik» aldentzeko eskatuko diote, soluzioaren eta bakearen aldeko hautua egin dezan.

Bestalde, urtarrilaren 12an izango da bigarren zita Bilbon. Martxa 17.30etan hasiko da, La Casillatik. Aurreko urteko mobilizazioa gogoratu du Esnalek eta 100.000 personek parte hartu zutela goraipatu du. 2013. urtea «modu berean» hasi nahiko lukeela azaldu du eta Madrilgo gobenuari espetxe politika honekin amaitzea exijitzeko deia egin du.

Bere ustetan, PPren gobernuak «hermetikoki» itxita mantentzen du bere jarrera, «nahiz eta konponbiderako aukera historiko baten aurrean gauden». Esnalek adierazi duenez, egoera hau mantentzeak «eskubide galera amaigabea dakar».

Maila pertsonalean nahiz kolektiboan egin daitezkeen atxikimenduakin osatu nahi dute kanpaina. Honen inguruko xehetasunak datozen eginetan emango dituztela azaldu du.