NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugak adierazteko seinaleak jarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko errepideetan lurralde arteko mugak adierazteko seinaleak jarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, horrez gain, Frantzia jartzen zuen seinaleetan Baiona jarri du, Europako irizpideetara egokitzeko.

Lurraldeen arteko mugak bereizteko Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen karteletako bat. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Lurraldeen arteko mugak bereizteko Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duen karteletako bat. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak bide seinaleetan hainbat aldaketa egin ditu bi helburu nagusi ardatz harturik; batetik, Europako irizpideetara egokitzeko eta, bestetik, Gipuzkoa eta Lapurdiko jendartearen «nahi eta ikusmoldeetara hobeto egokitzeko».

Horretarako, N-I, N-121, GI-636, GI-20 eta inguruko errepideetako hainbat seinale egokitu ditu. Moldatutako seinale horietan, gidariei «Frantzia» erakusten zitzaien orain arte eta, aurrerantzea, «Baiona» azalduko da.

Bidegiren eskumeneko errepideetan, ordea, oraindik ez da aldaketarik egin, baina Aldundiak aurreratu duenez ostiralean egingo dira aldaketok.

Bestalde, lurralde arteko mugak adierazteko ere seinaleak jarri ditu errepideetan. Horretarako, Santiago zubian, Behobiako zubian eta Biriatuko zubian norabide bakoitzean seinale bat jarri dute, Gipuzkoako norabidean «Gipuzkoa» seinalea jarri dute eta beste norabidean «Lapurdi».

Era honetan, herrialdeen arteko muga guztietan izango ditu seinaleak Gipuzkoak.