Naiz.info
Iruñea

Nafarroa Oinez, Zizur Txikiko San Fermin ikastolaren alde

Nafarroa Oinezeko antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Zizur Txikira hurbildu diren euskaltzale guztiei, baina eguraldi txarraren eraginez ezarritako helburuak ezin izan dituztela bete onartu dute.

Umeak izan dira protagonista nagusiak hasierako ekitaldian. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Umeak izan dira protagonista nagusiak hasierako ekitaldian. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Adin guztietako euskaltzaleentzako eskaintza zabala prestatu dute gaur Zizur Txikian Nafarroa Oinez jaialdiaren harira. Aurtengo berritasun nagusia Ekotxosna izango da non menu ekologikoak eta beganoak eskainiko dituzte bertan.

Goizeko 10.00etan ireki dute ibilbidea ekitaldi hunkigarri baten ondoren. Izan ere, ikastolako ikasle eta haurrek parte hartu dute eta jaialdiaren antolatzaileek San Fermin ikastolak 40 urtetako ibilbidean egindako «talde lana» nabarmendu dute.

Horrez gain, 30 kontzertutik gora eta beste hamaika ikuskizun antolatu dituzte. San Fermin ikastolaren helburua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat duten eraikina handitzeko dirua biltzea izan da.

Antolatzaileek arratsaldean ezagutarazi dute ezin izan dituztela helburuak bete euriaren eraginez. Hala ere, eskerrak eman nahi izan dizkiete bertara hurbildu diren milaka euskaltzaleei.

Ildo horretan, azaldu dute karpa eta aparkaleku bereziak jarri behar izan dituztela euriari aurre egiteko.

Omenaldiak

"Kolore&hitz" izan da Nafarroa Oinez 2012korako hautatu den leloa eta euskarazko irakaskuntzaren eta ikastolaren 40 urteko ibilbidea islatu nahi izan du.

Aldi berean, Euskalerria Irratiak egiten duen lana nabarmendu eta eskertu nahi dute eta Jakiunde erakundeari omenaldia egingo diote.

Hurrengo urtean Tuteran egingo dute Nafarroa Oinez, eta 2014. urtean, berriz, Zangozan.