Naiz.info
Baiona

AHTa soilik mobilizazioek geldiaraziko dutela aldarrikatu dute Baionako karriketan

AHTren proiektua arazo ekonomikoek atzerarazi dezaketela esan dute gaur Baionan burututako manifestazioan, baina soilik mobilizazioek geldiaraziko dutela aldarrikatu dute.

Hautetsiak, herritarrak eta traktoreak, Baionako manifestazioan. (Gaizka IROZ)
Hautetsiak, herritarrak eta traktoreak, Baionako manifestazioan. (Gaizka IROZ)

AHTren proiektu berriaren egitasmoa bertan behera uztea eskatzen dute kolektiboek eta herri elkargoek manifestazioa burutu dute Baionan. Deitzaileen arabera, 10.000 lagun inguru batu dira egitasmoaren aurkako aldarrikapen ekimenean; Poliziaren datuen arabera, 2.500.

Krisi ekonomikoak eta finantzamendu arazoek proiektu hori zalantzan jarri badute ere, soilik herri mobilizazioak lortuko du «suntsigarri eta behargabekoa den egitasmo hau gelditzea». Berriki, proiektua bertan behera uztea eskatuz 23.652 izenpedura aurkeztu dituzte AHTren aurkako taldeek.

Eskaera berbera luzatuz, milaka lagunek parte hartu dute Laugatik eta Suprefetura bitarteko bidea egin duen manifestazioan. Martxa zabalduz 107 traktote eta pankarta nagusiaren atzetik hamarnaka hautetsi joan dira. Gehienak frantses xingola bularrean, bakan batzuk Udalbiltzako ikurrarekin, hautetsiek bat egin dute elkarteek eta herritarrek aspalditik eginiko eskaerarekin: AHT berria ez dela egin behar adierazi dute argi eta garbi.

Estatu frantsesak berriki burutu duen Trenbideari buruzko Eztabaida Orokorretik ondorio nagusia atera da: AHTren garapena berrikusi behar dela eta hasiak ez diren egitasmoak gelditu, lehentasuna tokiko trenbideei emate aldera.

Ildo beretik, «Estatuko kontuzainek azpiegituren bideragarritasuna bermatu behar dutela» oroitarazu dute, bestela «inbestizamendu publikoak azkarki emendatuko liratekeelako».

Finantzamendu arazoek egitasmoaren erritmoa moteldu dute. Alta trena ez da guztiz gelditua. Egitasmoa kudeatzen duen talde teknikoak bilkura egin zuen atzo bertan Bordelen, non urrats berriak eman zituzten proiektuari dagozkion desmartxa administratiboak betetzeko.

Atxikimendu anitz

Mobilizazioak atxikimendu anitz bildu ditu. Herriz herri eta eskualdez eskualde azpiegitura horren aurka diren taldeekin batera, ADIRH, Ace-Hendaia, LAB, Bizi! edo-ta AHT Gelditu! Elkarlanak deitu dute martxan parte hartzera. Lapurdi herrialde hunkituena izanik, bertako hiri herri elkargoek -Hego Lapurdi, Aturri-Errobi eta Errobiko herri elkargoek- bat egin dute deialdi berri honekin ere.