Ane ARRUTI / Iñaki SOTO
DONOSTIA

Kartzela, klandestinitatea eta ihesa ditu hizpide Mikel Antzak bere bigarren nobelan

‘Atzerri’, Mikel Antza euskal preso politiko donostiarraren bigarren nobela aurkeztu dute gaur Donostian. «Kartzelaren zanpaketa, ihesaren ametsa, exilioaren bakardadea, klandestinitatearen zorroztasuna, amodioaren grina eta literaturaren emozioa eta liberazioa» dira nobela honen ardatzak.

Harkaitz Canok eta Gorka Arresek egin dute Mikel Antzaren liburuaren aurkezpena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Harkaitz Canok eta Gorka Arresek egin dute Mikel Antzaren liburuaren aurkezpena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Atzerri’, Mikel Antzaren bigarren nobela –hemen aurrerapena– aurkeztu dute gaur Donostian. Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak eta Harkaitz Cano idazleek egin dute aurkezpena Donostiako udal liburuteagian, preso donostiarraren ordez.

Antzak berak ahozko grabazioa bidali du kartzelatik: «Ez gurpil-aulkian eta ez bestela ere ezin izan naiz gerturatu», azaldu du.

«Kartzelaren zanpaketa, ihesaren ametsa, exilioaren bakardadea, klandestinitatearen zorroztasuna, amodioaren grina eta literaturaren emozioa eta liberazioa dira nobela honen ardatzak», esan du Arresek. Autofikzio moduan definitu du Canok liburua, «interes biografiko eta intentsitate literario handiko liburua», esan du.

Canoren ustez, bi dira genero horretan eleberri bat handi egiten duten baldintzak: idazlearen gaitasun literarioa, alde batetik, eta idazleak kontatzeko duenaren balioak, beste alde batetik. Nabarmendu duenez, bi alor horietan Antzaren maila oso altua da.

2010ean argitaratutako ‘Ospitalekoak’ nobelan idazlearen «ezintasuna» fisikoa bazen, honakoan «bere bokaziorako sentitzen da ezindua, intelektualagoa da». 

Idazle batek beste bati kartzelatik ihes egiten lagundu ostean atzerrian bizi duena kontatzen du nobelak. Bere lagunak idazle izaten jarraitzen duen bitartean, bera ezindurik aurkitzen da horretarako, «beti ihesean, beti bakardadean». Nobelaren «motorra» idazleak preso dagoela egunkarian irakurtzen duen hausnarketa bat da: «Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal letren mundua Joseba Sarrionandiak Martutenetik ihes egin izan ez balu eta Mikel Antzak klandestinitatera pasatzeko beharrik izan ez balu?».

Antzak, aurkezpenerako grabatu duen mezuan, horrela dio: «Ez dago atzerri bakar bat, norberak berea bizi du. Nire hau, ‘Ospitalekoak’ hura bezain autobiografikoa da, badu bizitakotik, baita asmatutakotik ere. Nire memoria on, gaizto eta ez erabat fidagarriarena da errua». Atzerria eta idazlaritza dira liburuaren gai zentralak eta idazketan gozatu duela dio Antzak bere mezuan, «orain arte inoiz ez bezala». Nobelaren ikuspuntua aldebakarrekoa dela onartzen du Antzak, «lubakiaren alde batekoa»k soilik kontatzen dituela, alegia. Baina «lubaki honetatik» gauzak kontatzerako orduan, idatziz nahiz filmatuz, oraindik ere tentuz ibili behar dela gogorarazi nahi izan du, ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filmarekin gertatzen ari denari erreferentzia zuzena eginez. Eneko Olasagasti, filme horretan Mikel Antzarekin berreskuratu duen harremanari buruzko dokumentala egin duena, aurkezpenean zegoen.

Kazetariez gain, Antzaren senide eta lagunak ere gerturatu dira. Gogoratu behar baita iragan den asteburuan hil zela Albisutarren aita zena, Rafa Albisu, ETAren sortzaileetako bat.