NAIZ.INFO
BILBO

Olaeta eta Oldarra ballet konpainiek ‘M eme M’ lana aurkeztuko dute Arriagan

Azaroaren 2an eta 3an, arratsaldeko 8etan, ‘M eme M (Mari emakume Mitologikoa)’ dantza ikuskizuna estreinatuko da Arriaga Antzokian. Jon Maiak asmatua, euskal emakume-unibertso mitologikoari errepasoa ematen dio ikuskizunak.

Dantza ikuskizunaren aurkezpena, Arriaga Antzokian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Dantza ikuskizunaren aurkezpena, Arriaga Antzokian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatokiak ‘M eme M’ ikuskizunaren estreinaldia hartuko du datorren azaroaren 2an eta 3an, arratsaldeko 8etan. Olaeta Ballet Elkarteak eta Miarritzeko Oldarra Balletak elkarlanean gauzatu dute Jon Maiaren jatorrizko ideia.

Sarreren salneurria 8,50 eta 25 euro bitartekoa izango da.

Mari emakume Mitologikoa ikuskizunaren bitartez lortu dute elkarrekin uztartzea Euskal Herria ikusteko eta sentitzeko bi modu (Iparraldea eta Hegoaldea), biak lan batean elkartuz, baina bakoitzaren lan filosofiari eutsiz eta oinarritzat harturik beren ballet estilo desberdinak, dena Euskal Herriko folklorearekin lotuta.

Proiektuak bere baitan hartzen ditu Begoña Crego, Jone Goirizelaia, Mari Carmen Muñoz, Ines Uriarte eta Koldo Zabalaren koreografiak. Olaeta Ballet Elkarteko eta Oldarra Balleteko adin guztietako dantzariez gain, Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariek eta Asier Gonzalez eta Urtzi Ugalde txalapartariek ere parte hartzen dute. Halaber, Ius Perez zuzendari duen Sarea abesbatza ere arituko da taula gainean.

Et Incarnatus orkestrak, Miguel Ceberiok zuzenduta, interpretatuko du musika, bai abesti herrikoiak eta bai Aita Donostia, Jesus Guridi, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez eta beste batzuen konposizioak.

Miriam Ocariz diseinugile bilbotarrak egin du abesbatzaren jantzitegia, eta Esther Albinek artistek eramango dituzten gainerako jantziak. Eszenografiaren egilea Olatz Calzada da.