NAIZ.INFO
HENDAIA

Polizia frantsesak Iñaki Imaz atxilotu du Madrilera entregatzeko

Iñaki Imaz donostiarra atxilotu du Polizia frantsesak Estatu espainiarrera entregatzeko. Bihar pasako da epailearen aurretik.

Iñaki Imaz donostiarra atxilotu du Polizia frantsesak Estatu espainiarrera entregatzeko. Haren aurkako euroagindu eskaera onartua zuen jada Paueko Auzitegiak.

2012ko abuztuaren 6an atxilotu zuten Imaz Hendaian, ETAko kide izatea egotzita eta euroagindu eskaera onartu bitartean aske utzi zuten. Bizitza erabat publikoa zeraman Urruñan. Gaur, Hendaiako komisariara sinatzera joan denean atzeman dute.

Atxilotu eta berehala Estatu espainiarrera entregatu dute, Polizia espainolaren esku uzteko. Bihar pasako da Ismael Moreno epailearen aurretik.

19.00etan elkarretaratzea egingo dute Pausuko biribilgunean Imazen atxiloketa salatzeko.

Ezker abertzaleak Imazen atxiloketa salatu du eta Manuel Valls Barne ministro frantsesak «Aurore Martinen bahiketarekin egindako urratsari» jarraitzen diola esan du «Indarrean ezarri gabeko euroaginduak ateratzen ditu mahai gainera, eta bakearen kontrako arma bezala baliatzen ditu, Espainiako barne ministeritzaren estiloa eta ildoa jarraituta», nabarmendu du.