Bestelako nekazaritza politika eskatu dute nekazari eta abeltzainek Iruñean

Murrizketen eta Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren aurka manifestazioa egin dute gaur nekazari eta abeltzainek Iruñean, EHNE sindikatuak deituta.

NAIZ.INFO|IRUÑEA|2012/11/24
Ehne_manifestazioa
Ardiak manifestazioaren buruan. (Lander F. ARROYABE/ARGAZKI PRESS)

Bost traktore, behiak, ardiak eta zaldiak buru zirela, manifestazioa egin dute eguerdian Iruñean, EHNE sindikatuak deituta, ‘Bidezko nekazaritza politika baten alde’ lelopean.

Antoniuttin abiatu dute martxa, eta handik Gaztelu plazaraino joan dira nekazari eta abeltzainak. Europatik datorren Nekazaritza Politika Bateratu «bidezkoa» aldarrikatu dute.

EHNEk ohartarazi duenez, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan izandako murrizketek eta Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformak aurreikusten dituen hainbat neurrik baserriak ixtera daramatza, eta horrek «ondorio larriak» eragingo ditu ingurugiro, landa garapen, paisaia eta lurraldeen kohesioan.

Urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den Nekazaritza Politika Bateratua «merkatuari» erabat bideratua dagoela eta «Europan ehunka milaka ustiapen desagertzea eragin duten akats berberak» dituela salatu dute.

Horren aldean, EHNEk elikadura burujabetzarantz doan Nekazaritza eta Politika Bateratua aldarrikatu du. «Herri bakoitzak bere elikadura segurtasuna mantentzeko eta bertako ekoizpena mantendu ahal izateko bere erabaki propioak hartzeko eskubidea izan behar du», nabarmendu dute.

LOTURAK