Naiz.info
Durango

«Uholde berdeak» independentziaren aldeko aldarrikapenez busti du Durango

Jai giroan, arratsaldeko 17.20ean abiatu da Independentistak Sareak Durangon deitutako manifestazioa. Independentziaren aldeko hamaika arrazoi daudela aldarrikatu dute, baina guztietan nagusiena, herri baten nahia dela azpimarratu dute.

Independentziaren aldeko manifestazioan jendetza bildu da. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Independentziaren aldeko manifestazioan jendetza bildu da. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 6an, Konstituzio espainola ospatzen den egunean, azken urteetako ohiturari jarrai, Independentistak Sareak manifestazioa deitu du Durangon. Arratsaldeko 17.20ean abiatu da «uholde berdea» Landako eta Plateruena arteko zabalgunetik.

Milaka lagun izan dira, Euskal Herri osotik, Durangoroa independentziaren aldarria eraman dutenak.

Manifestazioan jai giroa izan da nagusi. Txarangek, trikitilariek eta txistulariek ibilbidea girotu dute, manifestariek euskal doinuak kantatzearekin batera. 

Ikurrinak eta Independentistak Sareko zapi berdeek koloreztatu dute mobilizazioa.

Manifestazioa ekitaldi batekin amaitu da. Kataluniako Asanblada Nazionaleko ordezkaritza bat izan da bertan, Independentistak Sareko kideekin batera.

Txutxi Ariznabarretak azpimarratu duenez, badira hamaika arrazoi independentziaren aldeko hautua egiteko, baina guztietan nagusiena herri baten nahia dela ohartarazi du.

Bere iritziz, Madrilgo Gobernua da «independentistak sortzeko makina nagusia».

Hezkuntza erreforma berriari ere erreferentzia egin dio Ariznabarretak eta hezkunza propioari eta euskarari berari eraso gisa kokatu du.

Ekitaldian Iratxe Ibarrak eta Xabier Amurizak bertso bana kantatu dituzte eta Rafa Ruedak eta Jon Enbeitak kantu bat jo dute, gitarraz.